Gaueko hamarretan
'Mugaritz BSO' dokumentalaren estreinaldia, asteazkenean, ETB-1en
A.H.
EITB
Proiektuak bidaia musikal harrigarria proposatzen du Mugaritz jatetxearen plateren elaborazio, konposizio eta esentzian barrena murgilduz.
Asteazken honetan, Euskal Telebistak 'Mugaritz BSO' dokumentala estreinatuko du telebistan, sormen musikala eta Mugaritz jatetxearen plateren elaborazioaren bat egite prozesua oinarri hartzen duen ekoizpena. Dokumentala Donostiako Zinemaldiaren azkeneko edizioan estreinatu zen Culinary Zinema sailaren barruan eta, gainera, duela aste gutxi Berlineko zine jaialdian Euskadi ordezkatu zuten filmetako bat izan zen, publikoaren harrera ezin hobea jasoz.
'Mugaritz BSO' Andoni Luis Aduriz sukaldariak eta Felipe Ugarte musikariak aurrera eraman duten proiektu gastronomiko-musikala da. Felipe Ugarte musikariak azkeneko hiru urteak eman ditu Mugaritz jatetxean erabiltzen diren zenbait sukaldaritza-formula aztertzen eta formula horiek ulertzeko eta egiteko moduetan eta historian murgiltzen, beti ere musika-hizkuntzan interpretatzeko asmoz. Konposizio musikalak sortzeko prozesuan bertan jaio da Juantxo Sardonek grabatu eta zuzendutako dokumental hau.
Ikus-entzunezkoak proiektuaren jarraipen osoa biltzen du, Mugaritz jatetxean egindako plateren prestaketatik hasi eta haien ordezkari izan daitezkeen soinu ezberdinen bila Etiopia eta Perura egindako bidaiak jasoko ditu. Horrela, sukaldaritza eta sorkuntza musikala nahastuko ditu, bi alorretan dauden berdintasunak goraipatuz.
Bidaia Mugaritz jatetxean hasiko da, Andoni Luis Aduriz sukaldaria eta Felipe Ugarte musikaria elkartzen diren unean. Bertan, Mugaritzeko plateren filosofian, forma eta osagaietan oinarritutako istorioa jarriko da habian eta bilaketa horrek ehundura, zapore, osagai eta jatorrien nahasketara eramango ditu ikus-entzuleak. Esperientzia multisentsoriala proposatzen du dokumentalak, gastronomiaren gaineko irakurketa musikala.
Horrela, sortzaileak hainbat tokitara joango dira osagai eta zapore horiek musika hizkuntzan ordezkatu ditzaketen soinuen bila. Gipuzkoako mendien pasaia musikala jaso dute, baita Extremadurako larre eta Galiziako itsasoarena ere. Ardi eta txerrien artzainen oihuak edota itsas triku baten itsaspeko soinua ere lortuko dute.
Etiopiara ere bidaiatuko dute, kafe landaketetan lan egiten duten nekazarien kantua biltzeko, grabaketa aurrekaria bai musikaren alorrean zein ikusmenaren alorrean ere. Perun, ordea, buztinez egindako instrumentuen soinua ezagutuko dute, Mugaritzek 'Piedras Comestibles' plater famatuan erabiltzen dituen pataten jatorri prehistoriko berdina baitute.
Alemania ere bisitatuko dute eta espazioko ingeniari baten laguntzarekin Europako Espazio Agentziaren egoitzan sartuko dira. Bertan, Titanean grabatutako soinu eta irudiak lortuko dituzte.
Horrez gain, grabaketa estudioetan lortutako doinuak ere blduko ditu dokumentalak. Garate estudioetan hainbat musikari ezagun bildu baitziren, horien artean, Alos Quartet, Roberto Yaben, Carlos Mena, Joxan Goikoetxea, Maddie Oienhart, Suso Saiz, Tanya Tagaq, Wafir Shaikhel eta Ramz.
IXO Produkzioak eta Píxelek ekoiztutako dokumental honek ETBren partadaidetza jaso du eta asteazken honetan emittituko da gaueko 22:00etatik aurrera ETB-1en.