Itxi

22:30ean

Xabier Madariagak gidatutako "10 urte" erreportaje berezia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Leer en Castellano

Hausnarketara bultzatzen duen erreportaje honek Naiara Zamarreño, Jon Doral eta Maria Jauregi izango ditu protagonista nagusi. ETAk hiruren aitak erail zituen.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hamar urte bete dira ETAk bere jarduna behin betiko amaitzea iragarri zuenetik eta horren harira, Euskal Telebistak "10 urte" hausnarketara bultzatzen duen erreportaje berezia eskainiko du, Xabier Madariaga kazetariak gidatuta. Naiara Zamarreño, Jon Doral eta Maria Jauregi gazteak zirela, ETAk hiruren aitak erail zituen. Galdutakoak eragin zuen minaz eta mina sendatzeko hartutako bideen garrantziaz arituko dira. Nola ikusten dute egungo euskal gizartea? Zertan asmatu dugu? Eta zer geratzen zaigu oraindik ere egiteko?

Protagonista nagusiekin batera, Julen Mendoza Errenteriako alkate ohia, Enrique Ullibarriarana biktimen arretarako arduraduna, gurasoak preso dituen Haizea, Onintza Enbeita bertsolaria eta Gorka Landaburu kazetaria egongo dira. Elkarrekin, ETAren amaierak gizartearen esparru ezberdinetan izan duen eraginaz arituko dira.

Zamarreñok eta Mendozak Errenteriako urte gogorrak ekarriko dituzte gogora, indarkeria eguneroko bizitzen parte zela adieraziz. Enrique Ullibarriarana biktimen arretarako arduradunak bere lanari buruz hitz egingo digu; besteak beste, biktimekin sortu duen harremanaz eta azken aldian horiek dituzten kezkez. Jon Doralek 13 urte zituen bere aita hil zutenean. Haizeak ere 13 urte ditu egun. Biek galdu dute urte hauetan. Onintza Enbeitak, aldiz, Jon Doralek duen kezka bati helduko dio: ETAren biktimekin enpatia izaten jakin du bertsolaritzak? Maria Jauregik aipatzen du autokritikak alde guztietatik etorri behar duela. Eta autokritika egingo du Gorka Landaburuk, kazetariek torturen gaiari behar zuen garrantzia eman dioten ala ez aztertzeko.  

Gaur egun 10 urte dituzten haurrak dira ETArik gabe jaio ziren lehen belaunaldia. Erreportajearen amaieran galdetuko diegu zer dakiten ETAri buruz. Nola transmititu haiei gertatutako guztia?

"10 urte" Xabier Madariagak gidatutako erreportaje berezia, gaur, 22:30ean, ETB1n eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)