En ETB-3
'Lokaleroak' saioaren gala mundiala, larunbat honetan Durangon
A.E.
EITB
Martxoaren 10ean, larunbata, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, 22:00etan.
Lehen denboraldiaren arrakasta ikusita, ETB-3ko ‘Lokaleroak’ saioak bigarren denboraldiari ekingo dio laster. Baina bien bitartean, lehenengo denboraldiko lokalero guztiak omenduko dituen Gala Mundiala antolatu du programako sortzaileak, Zornotzako Pausa Digital etxeak.
Kontzertuak, erromeria, Zaparrada batukada, DJ Oihan Vega, elkarrizketak eta sari banaketa oparoak osatuko dute Jon Gomez Garai aurkezle gazteak gidatuko duen saioa.
Hainbat izango dira galan zehar banatuko diren sariak, besteak beste, telebistako denboraldi osoan eskainitako Unerik xelebreenaren saria, Urrezko minutuaren saria edota Anfitrioi onenaren saria. Horrela, denboraldiari errepaso egin eta lehenengo denboraldian grabatutako 36 lokaleko gazteak jai giroan biltzea dute helburu.
ETBk astero eskaintzen duen saioko I. Gala Mundiala Durangoko Plateruena Kafe Antzokiaren berotasunean ospatuko da, martxoaren 10ean, gaueko 22:00etan hasita.
Hala ere, Euskal Herri osotik etorritako lokaletako gazteak 19:30ean batuko dituzte Landako Gunean, argazkiak egin, motorrak berotzen hasi eta ETB-3ko saioa zuzenean filmatzen hasiko dira, Galaren aurreko eta osteko irudiak ere grabatuz.
Sarrera doakoa izango da eta parte hartu ez dutenentzat ere lekua egongo da Plateruenan, baina hori bai, derrigorrezko osagaia eraman beharko dute bertaratutakoek: bikain pasatzeko grina!
Finean, ezusteko atseginez beteriko Gala Mundialaz gozatu ahal izango dutelako ikusle guztiek, ekoizleen xede nagusia horixe delako: telebista-saioaren ikusle eta parte izan diren gazte guztiak festa erraldoi batekin eskertzea.