KULTURA AGENDA
Ametsak Doctor Deseoren eskutik, aste honetako 'EITB Kultura' saioan
M.A.
EITB
Gainera, Hareazko ipuinak eta Pasado perfecto ikuskizunak izango dituzte berbagai.
Aste honetan, Euskal Telebistako 'EITB Kultura' saioak Francis Diez hartuko du solaskide. Doctor Deseo bandako liderrak Al amanecer seguir soñando hamahirugarren diskoaz egingo du berba. Bilbokoek ametsak dituzte abiapuntu erritmo ezberdinez baliatutako kantuak sortzeko. Euskal idazle eta artista plastikoen laguntzarekin atera dute, tartean Jesus Mari Lazkano, Roscubastarrak, Bernardo Atxaga edota Kirmen Uribe.
Antzerkiari dagokionez, Markeliñe taldearen azken lanaren berri emango dute. Familia osoarentzako ikuskizuna dugu Hareazko ipuinak antzezlana. Minbizia duen haurra du oinarri eta tratamenduak irauten duen bitartean ospitalean egon beharko du. Aitaren beldurra eta obsesioa, bere alaba sendatzearekin batera, haurtzaroa ez galtzearena da. Horretarako edozer gauza egiteko gai izango da, ipuin kontalari bihurtu, istorio ezberdinen protagonista, antzerkilaria, bufoia, magoa, sendagilearen laguntzaile edota Herioaren aurkaria.
Horrez gain, saioak Pasado perfecto ikuskizuna izango du mintzagai. Antzerkia, dantza, performacea eta bideoa nahasten dituen lana dugu hau. Horman Poster talde bilbotarraren emankizunak zuri-beltzezko oroitzapenak sortzen ditu, 70eko hamarkadara bueltatuz modu gogoetatsu, komikoan eta dokumentalean.
Bukatzeko, ETBko kamerak Koldo Mitxelenara gerturatuko dira. Kulturguneko erakustaretoan martxoaren 1etik maiatzaren 26ra bitartean 'Leizeak. Irudiaren labirintoak' izeneko bilduma ikusgai dago. Bertan, Iñaki Gracenea gipuzkoarraren nahiz Javier Arce, Sheena Macrae eta Henna Nadeem artisten lanak protagonista nagusi dira.
'EITB Kultura' astelehenean dago ikusgai gauerdia aldera ETB-1en, asteartean goizaldeko ordu bata bueltan ETB-2n eta ostegunean 23:20ean ETB-3n.