ETB-1 eta ETB-2n
CICbioGune Prioinak ikertzen, 'Teknopolis' saioan, igandean
A.E.
EITB
Gertutik Arrate Plazaola izango dute eta Syney Brenner biologia molekurraren aitarekin ere egongo dira aste honetako saioan.
Igande honetan 'Teknopolis' saioak CICbioGunek prioinari buruzko ikerkuntzan egindako aurrerakuntzak izango ditu hizpide. Behi-zoroen gaitza, ardien ikara edo Scrapia gaitzen berri izan genuenetik hamarkada bat igaro da dagoeneko, baina oraindik ez daukate sendabiderik. Entzefalopatia espongiforme izeneko gaixotasunak dira, burmuina kaltetzen dute, eta gaitz horien sorburua proteina patogenoetan dago, prioietan. Orain arte uste zen ugaztun guztien artean untxiak zirela prioiek eragindako gaixotasunekiko erresistenteak ziren bakarrenetakoak. CICbioGUNEn egin dituzten aurkikuntzen arabera, untxiak ere ez daude gaixotasun horietatik salbu.
Gertutik tartean, berriz, Arrate Plazaola izango dute. Herrialde aurreratuetan gehien eragiten digun gaixotasunetako batekin borrokan aritzen da Gertutik atalean ezagutuko duten zientzialaria. 36 urte daramatza onkologo lanetan eta mota guztietako minbiziak tratatu ditu. Haren esanetan, minbizia zahartzaroaren gaitz bat da batez ere. Berritze-mekanismoak hondatzen doazen heinean, zelulak zoratu egiten dira. Tratamenduaren gogortasunaz hitz egin du, baina baita kasu askotan gaixoekin izaten duen adiskidetasun-harremanaz ere.
Azkenik, Syney Bremner biologia molekularraren aitarekin egongo dira saio honetan. 1953garren urtean Watson eta Crick ikertzaileek DNAren helizearen egitura aurkitu zutenean alboko gelan zegoen lanean. Sydney Brenner ikertzaileaz ari gara, biologia molekularraren aitaz. 85 urteko ikertzaile hegoafrikar honek 2002. urtean Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, RNA mezularia aurkitu izanagatik. Donostia International Physics Centerren biologiaz, genetikaz eta gizakiaz eta inguruneaz egin du gogoeta 'Teknopolis'eko ikusleentzat.
'Teknopolis' igandean ETB-1en 14:55ean eta ETB-2n 10:40ean dago ikusgai, eta asteazkenean ETB-3n 23:00etan.