Kirolak
Emakume kirolariak protagonista, asteburuko kirol eskaintzaren barruan
EITB Media
Gernikako Gabonetako Openaren barruan jokatuko den puntisten partida eta Emakume Master Cupeko Lau T'erdiko finalarekin batera, rallyetan batera aritzen diren Monika Muñoz eta Naia Lasagaster ama-alaba oñatiarren istorioa ezagutuko dugu "Helmuga" saioan.
ETB1ek asteburu honetarako prestatu duen kirol eskaintzan emakumeak izango dira protagonista nagusi. Alde batetik, zesta-puntako jaialdi profesional batean emakumezkoen partida bat jokatuko da estreinakoz larunbat honetan, Gernikako Gabonetako Openaren barruan, eta norgehiagoka hau telebistan ikusteko aukera izango dugu gauean, 22:00etan. Maite-Eneritz Munduko txapeldunak Ihart-Maialen azpitxapeldunen aurka lehiatuko dira. Bestetik, igande eguerdian Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak Mungian jokatuko duten Emakume Master Cupeko Lau T'erdiko finala eskainiko da.
Horrez gain, igandeko goizeko "Helmuga" saioan (11:25ean), Oñatiko ama-alaba batzuen istorioa ezagutuko dugu. Monika Muñoz rallyetan aritzen da Naia Lasagabaster alabarekin batera; ama pilotu eta alaba kopilotu. Beraientzat kotxeak eta gasolina usaina pasio bat baino gehiago dira.
Kirol emanaldi gehiago asteburuan
Gernikako Jai Alaiko Erkiaga-Lekerika / Goikoetxea-Lopez zesta punta partidarekin batera, Binakako Txapelketako bi jaialdi eskainiko dira asteburuan: larunbatean, Iruñetik, Bakaikoa-Elizegi / Zabala-O. Etxebarria eta Elezkano II-Zabaleta / Peña II-Albisu: igandean, Eibartik, Ezkurdia-Tolosa / Laso-Imaz eta Egiguren V-Bikuña / Larrazabal-Salaverri II.
Bestalde, igande goizean, 11:00etan, Urrezko Aizkolarien jardunaldi berri bat izango dugu ikusgai ETB1en eta 15:00etan Venta de Bañoseko Krosa, zuzenean, ETB4n.
Emanaldi guztiak eitb.eus-en ere jarraitu ahal izango dira.