Itxi

Asteburu honetan

Botiken toxizitatea gibelean antzemateko moduaz, 'Teknopolis' saioan

Neurona-haztegiari buruzko erreportajea ere eskainiko da aste honetan.

Oihana Jauregi, 'Teknopolis'. Argazkia: EITB

Botiken toxizitatea gibelean antzemateko moduaz arituko dira aste honetan 'Teknopolis' saioan. Azken urteetan merkatutik kendu dituzten botiken zerrenda luzea da. Farmakoak merkatutik kentzeko arrazoi nagusietako bat ustekabeko albo-ondorioak agertzea da. Albo-ondorioen artean, larrienetako bat gibeleko kalteak eragitea da. CICbioGUne ikerketa-zentroan, botikek eragiten dituzten gibeleko kalte horiek modu eraginkor eta azkarrean hautemateko metodo bat garatu dute. Livertox da produktuaren izena, eta botikagintza-enpresek farmako berrien garapen-prozesuan erabiltzeko diseinatua dago.

Bestalde Orain eta hemen tartean neurona haztegiaz arituko dira. CIC nanoGUNE eta Inbiomed Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute neurona-haztegi bat sortzeko.

Inguruan ditugun lur-sail edo lur-eremu gehienak eraikuntzarako edo errepideak egiteko erabili dituzte. Eta, horregatik, geroz eta urriagoak dira nekazaritza-lurrak. Arazoak ez dirudi arazo, gaur egun jakiak munduko beste edozein txokotatik ekar daitezkeelako. Baina, noiz arte egin ahal izango da hori? Galdera horri eta beste batzuei erantzuten zaie Europako Batasuneko ikus-entzunezko agentziak egindako erreportajean.

Ktek tartean kolpeka arituko dira, ematen eta aurkariarenak saihesten. Ringean, soken artean sartu eta boxeoari buruz mintzatuko dira. Boxeolari ohia, nazioarteko boxeo-arbitroa eta telebista zein irratiko esataria ere bada Manu Maritxalar. Nagore Rementeria lankideak Donostian, Anoetako Boxeo Elkartean, egin du harekin hitzordua eta boxeoko teknikez, eskularruen bilakaeraz eta, nola ez, kolpe mingarrienez ere hitz egin du.

'Teknopolis' igandean ETB-1en 15:00etan eta ETB-2n 10:45ean dago ikusgai, eta asteazkenean ETB-3n 22:55ean.