Bertsolaritza
Millan Telleria 'Hitzetik Hortzera'n egongo da larunbat honetan
A.E.
EITB
Zestoako Gazteen III. saioaz arituko dira.
Hirugarrenez antolatu dute bertsolari gazteen saioa Zestoako gaztetxean bertako Gazte Asanbladak eta Erralla bertso eskolak. Eta hirugarrenez bete-beteko bertso festa izan da. Kantuan Julio Soto, Aitzol Barandiaran, Iban Urdangarin, Alaia Martin, Agin Rezola eta Aitor Salegi herritarra. Gai ematen Aimar Etxeberria jardun zen.
Larunbateko 'Hitzetik Hortzera' saioan platoan Millan Telleria Albizturgo bertsolari handia hartuko du Jon Artanok, eta Millanek aurretik sekula ikusi gabeko irudiak erakutsiko dizkio: 1985ean Tolosan egindako Trikitilari Egunekoak hain zuzen ere. Anjel Mari Peñagarikanorekin Santa Maria elizan kantuan ageri da Millan, orain bezain planta ederrarekin, baina biboterik gabe. Mallabiko Izar Gorri elkartean Iban Urdangarinek eta Iker Zubeldiak egindako saiotik azken bertsoaldi parea ere erakutsiko dute programan. Pixkatean tentatzen jardun ostean Beñat Ugartetxea gai-emailea bertsotan jartzea lortu zuten goierritarrek.
Nafarroako bertsozaleen Bardoak ekimenak Leitzako finalera bidean Barañainen egindako azken urratsaren berri ere emango dute eta Zuri-beltzeko Auspoan Kandido Uranga aktoreak Franzisko Apalategiren Baso-mutillak liburuko pasartea irakurri eta komentatuko du.
'Hitzetik Hortzera', larunbat bazkalostean 'Gaur Egun'en ondoren ETB-1en,eta aurretik ikusgai eitb.com/nahieran-en.