Kultura agenda
Xabier Montoia musikari eta idazlea, aste honetako 'EITB Kultura'n
A.H.
EITB
Horrez gain, Miribillako pilotalekuaren diseinuaren arduradun izan diren arkitektoekin izango dira.
Aste honetako 'EITB Kultura' saioa Xabier Montoia idazle eta musikariarekin hasiko da, sortu berri duen Montoiaren mundu miresgarria diskoaren karietara. Hamar abestik osatzen dute eta gitarra, piano eta txelo soinuetan oinarritzen da. Maite Arroitajauregi Mursego eta Ibon Rodriguez musikarien partaidetza izan du Xabier Montoiak bere lanean eta aste honetako 'EITB Kultura'n bere ibilbide musikala eta bere azkeneko lan honi buruz arituko da.
Itxaso Iribarren performer eta artista da, June Crespo eskultorea eta Bea Setién, ordea, dantzari eta koreografo lanetan ibiltzen da. Hirurek Arabako Erriberako Lasierran ospatu berri den Azala-Topo ikerketa eta sormen topagunean aurkeztu dituzte euren lanak eta 'EITB Kultura'n izango dira euren esperientziaz solasean.
Horrez gain, arkitekturaren munduan murgilduko da aste honetako saioa, Javier Gaston Ortizen eskutik. Miribillako pilotalekuaren eraikina diseinatu eta sortu zuen arkitekto taldearen kidea da. Pilota eta pala jokatzeko pilotalekua eta trinkete batek osatzen dute eraikina eta 3.000 pertsonentzako edukiera dauka, Europako handiena.
Amaitzeko, Off the record atalean, Borja Barrueta musikari getxotarrak baterian oinarritutako abestietako bat eskainiko du. Horrez gain, bere ibilbide musikalaz arituko da eta hainbat artistarekin burututako partaidetza lanak gogoratuko ditu, horien artean, Jorge Dextel, Carmes Paris eta Rafa Ruedarekin egindakoak.
'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:15etik aurrera ETB-1en, asteartean 01:15etik aurrera ETB-2n eta ostegunean 23:00etan ETB-3n.