ETB-1en eta ETB-2n
'Durango, isildutako bonbardaketa' dokumentala, aste honetan ETBn
A.H.
EITB
Euskal Telebistak Durangok bizi izan zuen gertakari latza gogoratuko du, bizirik atera ziren zortzi petsonaren testigantzarekin.
Aurten 75 urte dira hegazkin faxistek Durango bonbardatu zutela. Duela gutxira arte isilpean gordeta egon den gertaera latz honen inguruan, Euskal Telebistak Durango, isildutako bonbardaketa dokumentala eskainiko du. 1937ko martxoaren 31n, harridura eta izuaren artean, erasoa jasan zutenei buruzko ikus-entzunezko honek tragedia hartatik bizirik atera ziren zortzi pertsonaren sentimenduak eta orduko irudi odoltsuenak biltzen ditu.
Europako populazio zibilaren aurka inoiz egindako lehen aire-bonbardaketa izan zen, eraso mota horren eragina neurtzeko asmoz egindako esperimentua; herri osoa suntsitu eta makina bat errugaberen heriotza ekarri zuen.
Egun gutxi geroago, Gernikaren aurka egindakoak baino hildako gehiago utzi zituen eraso hark. Durango, baina, ez zen izugarrikeria unibertsalaren kronika beltzean sartu, bertan ez baitzen George L. Steer bezalako nazioarteko kronistarik egon, ezta herriaren samina irudikatuko zuen pintorerik ere. Historiak ez zuen, beraz, neurri berarekin neurtu bi herrien sufrikarioa, eta horrek areagotu egin zuen hamarkadetan zehar Durangoko biktimen samina itoarazi zuen isiltasun-mantua.
Durango, isildutako bonbardaketa ostegun honetan emitituko da, 23:25ean, ETB-2n, eta larunbatean, 23:00etan, ETB-1en.