23:45ean
"Danborrada Gaua Gogoratuz" saio berezia, gaur gauean, San Sebastian bezperako jairik ez dagoen honetan
EITB Media
Ostegunean, bestalde, haur danborradaren berri emango du Imanol Artolak eta ondoren, iaz grabatutako Victoria Eugeniako haur danborrada izango da ikusgai.
Gaur guean, ETB1ek eta eitb.eus-ek "Danborrada Gaua Gogoratuz" saio berezia eskainiko dute 23:45ean hasita. Pandemiaren eraginez, San Sebastian Bezperako jairik ez dagoen honetan, donostiar, azpeitiar eta oro har Donostiako jaia maite duen euska jendarteari proposamen berezia eskaini nahi die ETBk, danborrada gogoratu eta etxean disfruta dezaten.
Hortaz, eta, hasteko, arratsaldean Victoria Eugenian izango den Merezimendu dominak eta Urrezko Danborra eskaintzeko ekitaldiaren laburpena eskainiko da, Imanol Artolak aurkeztuta. Bertan, haur danborradaren ekitaldiaren aurkezpen bideoa eskainiko da, eta Aitor Oyarzabal Union Artesanako danbor nagusiari elkarrizketa.
Ondoren, 00:00etan, Donostian jotako 2020ko danborradako pieza eta danborrada ezberdinetako ordezkarien adierazpenak biltzen dituen saioa emango da.
00:30ean, Paula Motok zuzendutako Amamaren danborrada izango dugu ikusgai. Azpeitiko danborradan emakumeek egindako ibilbide luzea du ardatz erreportajeak. Ondoren, 2020ko Azpeitiko danborrada ekarriko dute gogora.
Haur danborrada berezia eta "Bandera Jaitsiera Gogoratuz"
San Sebastian egunez, 12:00etan, zuzenean, aurtengo haur danborradaren berri emango du Imanol Artolak Donostiako erdigunetik. Ondoren, 2021eko haur danborradari paso emango dio, iaz Victoria Eugenian grabatutako danborrada eskaintzeko. Gauean, berriz, "Itxi Liburuak" saioaren ondoren, "Bandera Jaitsiera Gogoratuz" saioak 2020ko ekitaldia ekarriko du gogora.