20:00etan
"Historias a Bocados" saioak Añuara egingo du bisita, Burgura
EITB Media
Burgu udalerriko parte da Añua, Arabako Lautadako kuadrillako kontzejua. Han, Justo, Ruben eta Norber ezagutuko ditu gaur Joseba Arguiñanok.
Gaur, urtarrilak 23, Añuan izango da ETB2ko "Historias a Bocados" saioa. Burguko udalerria osatzen duten administrazio batzarretako bat da Añua, Arabako Lautadako kuadrillako kontzejua. 70 bat biztanle ditu, eta horietako hirurekin arituko da solasean eta sukaldean Joseba Arguiñano.
Justo López de Arreguik 80 urte ditu, eta bertako bizilagunen artean nagusienetakoa da. Añuan bertan jaio zen, eta bertan aritu zen lanean, laborari gisa, 30 urtez. Ondoren, Gasteizera jo zuen, baina erretiroa hartutakoan, berriro itzuli da jaioterrira. Haurra zenetik gaur arte tokia asko aldatu dela kontatuko dio Josebari, kukuluak ahate eta jumbo otarrainxkekin jaten dituzten bitartean. Herriaren etorkizunez ere hitz egingo dute.
Añuaren etorkizuna, besteak beste, Rubén Bravo bezalako bizilagunek hartutako erabakien ondorio ere bada. Hiria utzi eta arbasoen herria aukeratu zuen Rubenek bizileku, eta tokia dinamizatzeko lanean ari da, beste bizilagun batzuekin batera. Ekimen horien berri emango dio Josebari, eta elkarrekin dastatuko dute aza oinarri duen errezeta, ortuko, landako eta txerriak emandako produktuekin kozinatuta.
Norber Fuenteren eskutik, berriz, Añuako urmaela bisitatuko du Arguiñanok. Laborantza lurrak ureztatzeko sistema izateaz gain, animalia espezie askoren habitat naturala ere bada, tartean urte osoan bertan bizi diren anfibioena eta migrazio handietan bertatik igaro ohi diren hegaztiena. Naturarekiko pasioa du Norberrek, eta berau behatzeko kamerak jartzen ditu basoan. Bildutako irudiekin, "faunaren errolda" egiten du, eta haur eta gazteekin pedagogia ere bai. Irudi horietako batzuk ikusteko aukera izango du Josebak, eta, nola ez, plater bikaina prestatu: bakailaoa, patatak eta arroza.
"Historias a Bocados" programa gaur izango dugu ikusgai, 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.