Itxi

22:30ean

Isabel Allenderi elkarrizketa, gaur gauean, Dani Álvarezen "El Día de Mañana" saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Txileko idazlearekin solasean arituko da Dani. Gainera, Alberto Santana historialariaren laguntzarekin, Allenderen jatorri euskaldunak ikertuko dituzte, bere arbasoen bila.

Dani Álvarez Isabel Allenderekin. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gaurko "El Día de Mañana" saioan Isabel Allende idazle txiletarra elkarrizketatuko du Dani Álvarezek. Literaturaren izen handienetako bat da Allende, eta gaztelaniaz idatzi eta bizirik dauden idazleen artean irakurrienetakoa da. Hala, 42 hizkuntzara itzuli dira bere lanak, eta 73 milioi ale saldu ditu guztira. Besteak beste, Espirituen etxea eta Paula liburuekin lortu zuen nazioartean ospea, eta Violeta da bere azken eleberria.

San Frantziskon duen etxearen ateak irekiko dizkio Isabel Allendek Daniri, eta Sausalitoko estudioan ere izango dira. Han bizitzaz, literaturaz eta amodioaz hitz egingo dute, 79 urterekin berraurkitu duen amodioaz. Idazlearen ibilbidean ohiko izan diren gaiak ere hartuko dituzte mintzagai: bere konpromiso politikoa, Salvador Allende osaba, feminismoa eta Paula alabaren heriotza, bere bizitza kolpatu zuen tragedia.

Gainera, Alberto Santana historialariaren laguntzarekin, Isabel Allenderen jatorri euskaldunak ikertuko dituzte, aztarnei jarraitu eta egun Euskadin arbaso zuzenik ote duen deskubritzeko.

Arrakastatsu abiatu du denboraldi berria

Besteak beste Edurne Pasaban, Fernando Aramburu, Miren Arzalluz eta Gabriel Rufian protagonista izan zituen lehen edizioaren arrakastaren ondoren, oraingoan ere nazioartean sona handia duten pertsonaia ospetsuen bizitzara hurbilduko gaitu Dani Álvarezek. Bere estilo pertsonalarekin, haien alde intimo eta ezezaguna erakutsiko digu. Joan den ostegunean abiatu zuen bigarren denboraldia, eta emaitza bikaina lortu zuen, 228.000 ikus-entzulek bat egin baitzuten Evaristo Páramos abeslariari egindako elkarrizketarekin.

"El Día de Mañana" saioa ostegunetan dugu ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)