Itxi

22:30ean

Kerman Lejarraga boxeolaria, gaur gauean, "El Día de Mañana" saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Dani Alvarez boxeoaren munduan murgilduko da gaur, Europako txapeldunaren eskutik. Kermanen alderik intimoena eta pertsonalena erakutsiko digu, eta Dani bera ere ringean ikusiko dugu, boxeoan ikasten.

Kerman Lejarraga, "El Día de Mañana" saioan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gaur gauean, boxeoaren munduan murgilduko da Dani Álvarezen "El Día de Mañana" ETB2ko saioa, Kerman Lejarraga Europako txapeldunarekin. Morgako errebolberra hainbatetan izan da txapeldun, eta egun gerrikoari eusten dio, superwelter mailan.

Dani Álvarezen eskutik, Bilboko Bilbao Arenan jokatutako borrokaldi hori berau lehen lerrotik bizitzeko aukera izango dugu. Bertan Europako Boxeo Batasuneko superwelter mailako txapeldun tituluari eutsi zion bizkaitarrak, Jack Flatley boxeolari ingelesa bederatzigarren roundean garaitu ostean.

Horri lotuta, gailurrera iristeko Morgako errebolberrak egindako lan gogor eta sakrifizioak erakutsiko dizkigu saioak. Fadurako gimnasioan izango dira, Ibon Larrinaga boxeolariaren prestatzailearekin eta Eder Gómez bigarren entrenatzailearekin. Gainera, Dani Álvarez bera ere ringean ikusiko dugu, boxeoan ikasten.

Nola ez, Kermanen alderik intimo eta pertsonalena ezagutzeko aukera izango dugu: Dani Álvarezekin batera Morga bere herrian paseoan ikusiko dugu Kerman, eta familiaren etxean ere izango dira. Bertan, boxeolaria hobeto ezagutzen duen pertsonarekin elkartuko da Dani: Isabel Arana Kermanen amarekin.

Kerman Lejarraga

Gainera, Manu Maritxalarrekin hitz egingo du, nazioartean boxeo epailea eta Kermanen ibilbidearen lekuko zuzena. Horrez gain, "Kerman fenomenoa" ere aztertuko du Danik, Kerman Warriors-eko Rober San Emeteriorekin, bizkaitarraren jarraitzaile sutsuenetako batekin.

Boxeoaren aurpegirik hurbilena eta egiazkoena, Kerman Lejarragarekin, gaurko "El Día de Mañana" saioan. Dani Alvarezek aurkeztuta, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)