Itxi

Kultura eskaintzak

Mikel Erentxunen azken lana, 'EITB Kultura' saioan

M.A.

EITB

Gainera, 'Kukuxumuxu relocated' erakusketa bisitatuko dute.

Mikel Erentxun. Argazkia: Srta. Soledad bideoklipa.

'EITB Kultura' arteari eta kulturari buruzko ETBko saioak Mikel Erentxun bakarlaria hartuko du gonbidatu nagusi aste honetako programan. Duncan Dhu taldeko kide ohiak 24 golpes diskoa argitara berri du eta programan azken lan honen sormen prozesuaren gainean mintzatuko da.

Bestalde, Break on Stage 2012 Kale Kulturen Jaialdiaren berri emango dute. Aurten izen handiko artisten ikuskizunak jarraitzeko parada izango dute zaleek, tartean, Scott Marques popping dantzaria edota Rapsusklei Zaragozako hip-hop kantaria.

Antzerkiari tarte eginez, La Cocina konpainia bizkaitarraren Calla y come lana ekarriko du 'EITB Kultura' saioak. Max Sarietan Errebelazio Ikuskizun Onenarako hautagaitza lortu du. Gizakien ahultasunaren gainean aritzen dira hiru aktore nagusiak pieza honetan.

Gainera, ETBko kamerak Iruñako Moises Perez de Albeniz galeriara gerturatuko dira. Bertan 'Kukuxumuxu Relocated' erakusketa dago ikusgai egunotan. Mikel Urmeneta artista eta marrazkigilearen eskutik ezagutuko dute ikus-entzueek erakusketa.

Saioari amaiera emango dio 'Hildako gizona' kantak. Inoren Ero Ni taldeak Fregoli azken diskoan biltzen duen abestia dugu hau.

'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:15etik aurrera ETB-1en, asteartean 01:15etik aurrera ETB-2n eta ostegunean 23:00etan ETB-3n.