23:30ean
'Uhinak' 22. Korrikaren dokumentala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Txakur Gorria sormen kolektiboak sortutako ikus-entzunezkoak bederatzi errealitate linguistiko eta emozional jasoko ditu Euskal Herrian zehar.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Korrikaren 22. edizioaren atarian, Uhinak dokumentala izango da ikusgai, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en, 23:30ean. Euskal Herrian zehar abiatuta, bederatzi ahots bilduko ditu ikus-entzunezkoak, bederatzi paisaia ezberdin, eta bederatzi errealitate linguistiko eta emozionalen isla direnak.
Txakur Gorria sormen kolektiboak egindako lana da eta Korrikaren leloak bi zati dituen moduan, HitzEkin, dokumentala ere bi zati horietan bereizi dute. Hasteko, bederatzi lagunen "hitzei" esker beste hainbeste errealitate linguistiko eta emozional ezagutzeko aukera emango du ikus-entzunezkoak. "Ekiteari" dagokion zatian, berriz, hitzek mundua eraikitzeko duten gaitasunaz hausnartzera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak, Lorea Agirre Dorronsoren ahotsean eta Korrikako irudi zaharrekin lagunduta.
Dokumentalean parte hartu duten bederatzi protagonistak honako hauek dira: Izaskun Igoa Jaimerena (Ziga), Mónica Fernandez Cuesta (Cintruenigo), Haria Aizpurua Ibarra (Sara), Miryam Quintana Urrea (Kanpezu), Itxaso Borda de Vallejo Carbajo (Maeztu), Joxe Landa Odriozola (Itziar), Suhar Anzorandia Peritz (Barakaldo), Etxahun Anakabe Tapia (Barakaldo) eta Marie-Agnès Gorostiague Salaberri (Ainhize-Monjolose).
22. Korrika martxoaren 31n Amurriotik abiatuko da eta apirilaren 10ean Donostian amaituko da. EITBk jarraipen zabala egingo dio lasterketari telebista eta irratiko programa eta albistegietan, zein eitb.eus-en, webgune berezi baten bidez.
Uhinak gaur izango da ikusgai, 23:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.