Nafarroa
"Navarra Hoy" saio berria estreinatuko du gaur gauean ETB2k, deskonexioan
EITB Media
EITBk Nafarroan deskonexioan zuen programazioa berreskuratu du aktualitatea, elkarrizketak, eztabaida, gertuko istorioak… jorratuko dituen programa berri honekin. Amaiur Elizarik gidatuko du eta Maria Chivite Nafarroako presidenteari elkarrizketa egingo diote ostiralean.
EITBk deskonexioan zuen programazioa berreskuratu du "Navarra Hoy" saioaren bidez. Gaur, martxoak 4, estreinatuko da programa berria eta, ostiralero, aktualitatea, elkarrizketak, eztabaida eta gertuko istorioak jorratuko ditu. Nafarroatik eta Nafarroarentzat egindako programa izango da, 22:15etik aurrera, ETB2n, Nafarroarako deskonexioan.
Asteazken honetan aurkeztu da saioa, Iruñeko Baluarten egin den ekitaldi batean. Bertan izan dira Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, saioko lantaldea eta Nafarroako politika, kultura, kirol eta gizarte arloko ordezkaritza zabala.
Saioko lantaldea eta gonbidatuak, aurkezpenean.
¿ Estas son las fotografías que nos ha dejado el día de presentación de #NavarraHoy
— Navarra Hoy (@navarra_hoy) March 2, 2022
¿ Estreno el viernes, 4 de marzo, a partir de las 22:15 en ETB2 (en desconexión para Navarra) pic.twitter.com/s2SQIEaZlD
Pandemiaren hasierarekin batera, bertan behera geratutako Nafarroako deskonexioa berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du Unai Iparragirrek ekitaldi horretan. "EITBn pozik gaude gure saio hau abian jarri dugulako", esan du. "Nafarroan egon nahi dugu; jarraitzen gaituen gizarte nafarrarekin bat egin, eta gure eskaintza eta presentzia nabarmena izan daitezen nahi dugu", gaineratu du.
Horretarako, gaurkotasuna, elkarrizketak, eztabaida eta gertuko istorioak jorratuko dituzte. Nafarroa askotarikoena, pluralena, erakargarriena, hiritarrena, landatarrarena… Nafarroan gertatzen den guztia sartuko da saio berri honetan, Amaiur Elizari kazetari nafarrak gidatuta. Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, foru erkidegoa zeharkatzeko asmoa dute. Nafarroako kazetari talde batek, Joana Lizarragak, Nerea Larriuk eta Mirentxu Iribarrenek, istorio horiek bilatuko dituzte, eta modu atsegin eta hurbilean jorratuko dituzte, Iñaki Redínen zuzendaritzapean.
Amaiur Elizari izango da programako elkarrizketa sakonena egingo duena. Estreinaldirako, Maria Chivite Nafarroako presidenteari egingo dio elkarrizketa ostiral honetako saioan. Amaiurrek berak moderatuko du asteko gai politikoa jorratuko duen eztabaida. Horretarako, talde guztietako bozeramaileen iritzia jasoko dute.
Amaiur Elizari
Nafarroako txokoetan barrena bidaia
Gaurkotasun politikoaz gain, ekonomia, gizarte eta kultura gaiak ere jorratuko dituzte. Ekintzailetzaz hitz egingo dute, inguruneaz eta bertako jendeaz gozatzeko txokoak bilatuko dituzte, eta ikusten ez dena erakutsiko dute, eraikin eta dotazio enblematikoen aurpegirik ezezagunena. Nafarroako lurrez eta urtaro bakoitzean eskaintzen dutenaz gozatzeko aukera eskainiko dute.
"Navarra Hoy" ostiral honetan, martxoak 4, estreinatuko da, 22:15ean, ETB2n, Nafarroarako deskonexioan.