ETB-2n
'Euskadi Directo'k 1.000 saio egingo ditu
A.E.
EITB
Asteazkenean 20:00etan eskainiko da 1.000garren saioa eta 23:00etan beste saio berezia eskainiko dute, orain arte egindako bidea errepasatuz.
'Euskadi Directo', egunero ETB-2n ematen den albistegiak, asteazken honetan, apirilaren 18an, 1.000 saio beteko ditu. Gertutasuna ardatz duen albistegia 2010eko otsailaren 8an jarri zen abian. Ordutik hona, egunero, errealitate hurbilaren isla izan da: jaiak, sukalde kontuak, ohitura eta Euskadiko kronika beltzari erreparatu diote, besteak beste.
1.000garren saioa apirilaren 18an emango da 20:00etan. Emanaldi honetan 'Euskadi Directo'k eguneko berriei erreparatuko die. Gertakariak eta jazoera bereziak erreportaje erakargarrietan landuko dituzte, ohi denez. Haatik, 1.000 saioak ere gogoratuko dituzte labur bada ere.
Saio berezia 23:00etan
Ondoren, 23:00etako saio berezian, 'Euskadi Directo'k hasieratik gaur arte egin duen bidea errepasatuko dute. Reyes Prados eta Ainhoa Garciak aurkeztuko duten bereziak saioaren unerik nabarmenak ekarriko ditu gogora.
Hartara, 'Euskadi Directo' 1.000k, besteak beste, honako hauek oroituko ditu: Amaia Azkueren hilketa, Mikel Uriarteren heriotza Bizkaia Zubitik erorita, haur lapurtuen auzia eta etxea utzi arazitako lagunei buruzko hamaika erreportaje.
Euskal Herriko jaiak ere bilduko dituzte. Tarte egingo diete sanferminei, Zeledonen jaitsierari, eta Donostia eta Bilboko Aste Nagusiei.
Kirol garaipenak ere ez dira faltako: Athletic-en urte handia, Espainiako Itzulia Euskaditik pasa zenekoa... Eta jakina, ikus-entzuleek gustura ikusten dituzten erreportarien huts egindako hartualdiak bilduko dituzte.
'Euskadi Directo' bi urtetan zehar lan-talde handi batek egindako ahaleginaren emaitza da. Erreportari, gidoilari, produktore eta zuzendaritzak, oro har, lan handia egin dute. Mimoz eta tentuz egunez egun lortutako emaitza.
Lorpenak, 1.000garren zenbakiaren itxura du eta beste mila saio ere egin nahi lituzkete. Hiritarrak informazioaren erdian kokatuz, orain arte modura, aktore eta ikusle gisa inguruan gertatzen dena kontatuz; bere salaketei ahotsa jarriz eta askotan gertatu izan den modura, euren arazoei konponbidea emanez, alegia.