22:15ean
'Infancias rotas', adingabeen kontrako abusuen inguruko erreportaje berezia, gaur gauean ETB2n eta eitb.eus-en
EITB Media
70 eta 80. hamarkadetan Bermeoko ikastetxe erlijioso bati lotuta salatu dituzten abusuen ikerketa-prozesu zorrotza kontatuko du Asier Sánchez EITBko kazetariak. Ondoren analisirako eta hausnarketarako mahai-ingurua egongo da, Xabier Ormazabalekin.
Igande honetan, martxoak 6, Infancias rotas adingabeen kontrako sexu abusuen inguruko erreportaje berezia eskainiko du EITBk. Asier Sánchez kazetariaren eskutik, 70 eta 80. hamarkadetan zehar Bermeoko ikastetxe erlijioso bati lotuta salatu dituzten abusuak jorratuko ditu. 22:15ean eskainiko da, ETB2n eta eitb.eus-en.
EITBk esklusiban argitara emandako kasu honetan sakonduko du Asier Sánchezek. Lanak erakusten digu istorio handiek denbora, pasioa eta babesa behar dutela; eta biktimei aukera ematen die gaiaz hitz egin eta euren kasua kontatzeko. Testigantza horiek salatu egiten dituzte 70 eta 80. hamarkadetan hainbat haurrek jasandako sexu abusuak, ustez Bermeoko San Jose ikastetxe erlijiosoko zuzendari ohiak eraginda. Haurrak ziren orduan, helduak gaur egun, eta kamera aurrean hitz egitera ausartu dira. Orain arte, EITBk zortzi biktimarekin hitz egin du eta horietako batzuek polizia-etxean ere jarri dute salaketa.
Asier Sanchezek gidatuko du erreportaje berezia, eta egindako ikerketa-prozesu zorrotza kontatuko du. Kasuak gero eta gehiago dira, eta testigantzak ere dimentsionatuz doaz, gizarte mailan garrantzia hartuta eta oihartzun publiko eta instituzionala ere lortuta.
Erreportajearen ondoren, analisirako eta hausnarketarako mahai-ingurua izango da, Xabier Ormazabalek gidatuta. Hainbat gonbidatu izango ditu bertan, EITBk argitara emandako Bermeoko kasua eta azaleratu diren beste kasu batzuk ere aztertzeko.
Infancias rotas erreportaje berezia eta ondorengoko mahai-ingurua gaur izango dira ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.