Itxi

EITBko kultur leihoa

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena, 'EITB Kultura' saioan

A.E.

EITB

Saio berezia izango da, apirilaren 26an urteurrena ospatzen dela eta. Antolatuko diren kultur ekitaldien inguruan izango da saioa, batez ere.

Gernikako bonbardaketa. Argazkia: Museo de la Paz de Gernika

Aste honetan, 'EITB Kultura' saioak Gernikako bonbardaketaren 75 urteurrenaren inguruan ospatuko diren kultur ekitaldiei tartea eskainiko die. Esate baterako, Lobak Gernikako gazte plataformak landutako ekitaldien berri emango dute. Memoria aldarrikatu eta testigantzak nabarmendu nahi dituzte, besteak beste, arte adierazpenen bidez. Dantzaren bidez, antzerkiaren bidez, musikaren bidez, poesiaren bidez eta ikus-entzunekoen bidez, alegia.

Kukai taldearen eskutik 1937, Gogoaren bidezidorretatik ikuskizunaz arituko dira. 1937ko maiatzaren 7an erbestera joan ziren milaka euskal haurren bizipenak biltzen ditu lan honek.

Jose Ramon Amondarainen erakusketa baten bidez Picassoren Guernica  lanean barneratuko dira. Artelanaren sormen prozesua berrinterpretatzen du erakusketak. Bestalde, musika agendaren atalean, Gobeo Bay taldeaz arituko dira eta Alfa y Omega izeneko lehen diskoaz ere bai. Musikaren haritik jarraituz, Gasteizko The Good Reasons taldearen lana ezagutzera emango dute.

'EITB Kultura' astelehenean ETB-1en 00:00etan izango da ikusgai.