20:00etan
Jatabera egingo du bisita igande honetan "Historias a Bocados" saioak
EITB Media
Jata mendiaren magalean dago, Bizkaian, eta 1000 bat biztanle ditu. Horietako lau ezagutuko ditu Josebak: Plácido, Maite, Maite, Maitane eta Ivan.
Igande honetan, martxoak 20, Jatabera egingo du bisita ETB2ko "Historias a Bocados" saioak. Bizkaian dago Jatabe, Jata mendiaren magalean, eta 1000 biztanle inguru ditu. Joseba Arguiñano horietako laurekin elkartuko da, gastronomia eta bertako istorioak aitzakia hartuta.
Pla izenarekin da ezaguna herrian Plácido Ugarte. Historia ikasi zuen gaztetan eta hori du pasio; beraz, herriko Done Laurendi Martiriaren elizaren historiaren berri emango dio Josebari. Gerra Zibilean erabat suntsituta geratu zen eraikina eta, ondorioz, berreraiki behar izan zuten. Josebak, hala, 1937ko Jatako Bataila izenarekin ezaguna den erasoaren ingurukoak ezagutuko ditu, hegazkinek Jatabe bera ere bonbardatu zutenekoa. Herriko txokoan, berriz, erreboiloa dastatuko dute, patata eta barazkiekin.
Maite Olasagaste argentinarra da, Ameriketara joandako euskaldunen biloba. Hain zuzen ere, Amerika eta Europa arteko bidaia egiten ari zen ontzi batean ezagutu zuen gerora senarra izango zuena. Maitek ortua erakutsiko dio Josebari, eta urazak landatuko dituzte elkarrekin. Nola ez, jatorri argentinarra duen errezeta prestatu du: Saiheski errea barazki, odolki eta txorizo kriolloarekin.
Bitxos Natura Eskolaren eta Rapaces Maruri espazioaren jabeak dira Maitane Azpillaga eta Iván Font. 150 animalia baino gehiago dituzte zentroan, tartean zaldiak eta hegazti harrapariak; eta ikastetxeak, udalekuetako partaideak eta orokorrean taldeak hartzen dituzte bertan, ingurumenaren zaintza eta ezagutza sustatzeko. Maitanek zaldiekin egiten du lan bereziki, txikitatik oso gustuko izan dituelako. Ivan, berriz, harraparietan da aditua eta ikuskizuna ere badu. Horietako batean parte hartuko du Josebak, hontz handi ikusgarri batekin.
"Historias a Bocados" saio igandetan dugu ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.