Estreinaldia
"Falsos Mitos" saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en
EITB Media
Toscana Viar nutrizionistak, Iñaki Andradas sukaldariak eta Eli Pinedo kirolari olinpikoak dietari eta kirolari buruz zabaldu diren sinesmen eta mitoak hautsiko dituzte, Bittor Rodríguez adituaren laguntzarekin.
EITBk "Falsos Mitos" saio berria estreinatuko du gaur, gure dietan ohikoak diren elikagaien eta kirol-praktika jakin batzuen gainean zabaldu diren sinesmen eta mitoak bertan behera uzteko asmoarekin.
Azukrearekiko menpekotasuna al dugu? Zer da osasungarriagoa, haragia puntuan edo ondo eginda jatea? Kaltegarriak al dira edari energetikoak? Tripa jaisteko modu bakarra abdominalak egitea al da? Ukuiluko oilaskoarengatik gehiago ordaintzea merezi al du? Ba al dago jogurt miragarririk?
Galdera horiei eta beste batzuei erantzuteko, "Falsos Mitos" saioak hiru ikerketa eskainiko ditu astero, ikerlari lanak egingo dituzten maila handiko hiru aurkezleren eskutik: Toscana Viar, Athleticeko eta Espainiako futbol selekzioko nutrizionista; Iñaki Andradas sukaldari ezaguna eta Eli Pinedo eskubaloi jokalari profesional eta kirolari olinpiko ohia.
Era berean, Bittor Rodriguezek, Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktorea eta EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak, unibertsitateko laborategian egindako esperimentuen bitartez ikerketan aurrera egiten lagunduko die hiru aurkezleei. Gainera, elikaduraren eta kirolaren munduan hedatu diren fake eta gezurrekin amaitzeko, aditu ezberdinekin elkarrizketak egin eta egiaztapenak pertsonalki eta lekuan bertan burutuko dituzte.
Programa berri honetan, egiazko informazioaren eta kontsumitzeko eta kirola egiteko ohitura onen aldeko herritarren formakuntza sustatu nahi du EITBk, orain arte dietari eta kirol-jardunari buruz egiazkoak ez diren uste eta sinesmenekin amaitzeko helburuarekin.
Lehen atala
Gaur ikusgai izango den atalean, "Falsos Mitos" saioko lantaldeak hiru gai jorratuko ditu: dieta miragarriak, superelikagai bezala ezagutzen direnak eta modu arinean egiten diren entrenamenduak.
Hasteko, elikagaiak eta platerak saltzeko marketina aztertuko dute, eta bereziki, frutei argizaria jartzen ote dioten, distira emanez kontsumitzaileen arreta bereganatzeko. Era berean, pizzaren munduan murgilduko dira, eta pizza izoztuak hoztutakoak baino hobeak diren aztertuko dute.
Amaitzeko, ariketa fisikoaren inguruan oso zabaldua dagoen mito bat izango dute hizpide: geroz eta izerdi gehiago bota, gehiago argaltzen ote zara? Horretarako, adituekin eta arlo ezberdinetako profesionalekin hitz egingo dute. Halaber, lekuan bertan eta laborategian egindako egiaztapenak eskainiko dituzte.
"Falsos Mitos" ostegunero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.