Itxi

22:15ean

'La factura energética' erreportajea, gaur gauean, "Aquí y Ahora" saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Eider Hurtado kazetariak aurkeztu eta zuzendutako programak energiaren prezio altuen ondorio larrietan sakonduko du, industrian zein etxeetan. Horrez gain, konponbideak planteatu eta aztertuko ditu.

Eider Hurtado, "Aquí y Ahora" saioaren zuzendari eta aurkezlea. Argazkia: EITB Media

La factura energética (faktura energetikoa) izena du "Aquí y Ahora" saioaren erreportaje berriak, Eider Hurtado kazetariak zuzenduta eta aurkeztuta. Gaur gauean eskainiko da, ETB2n eta eitb.eus-en, 22:15etik aurrera. Oraingoan, energiaren prezio altuen ondorio larrietan sakonduko du programak, eta industria mailan zein gure etxeetan bizi dugun egoera hartuko du hizpide. Halaber, balizko irtenbideak aztertuko ditu, adituen laguntzarekin.

Putinek Ukrainan egindako inbasioak agerian utzi du Errusiako gasarekiko mendekotasuna, eta gure beharrizan eta gaitasun energetikoei buruzko eztabaida ireki du. Prezioak eta hornidura-gabeziari buruzko beldurrak izugarri handitu dira, eta industrian eta kaltetutako sektoreetan gelditzeko balaztari ematen hasiak dira. Noraino iristen dira gerra energetiko honen ondorioak eta zeintzuk izan daitezke konponbideak?

Erreportajeak industrien egoerari erreparatuko dio, tartean energia fakturaren igoerari aurre egin ezinik jarduna gelditu behar izan duten fundizioen egoerari. Kalera ere irtengo da Eider, kontsumitzaileen testigantzak jasotzeko. Nola egiten diete aurre prezio altuei? Prest al daude gutxiago kontsumitzeko?

Egoera honen aurrean balizko irtenbideak ere aztertuko ditu erreportajeak, tartean mendekotasuna murriztea eta trantsizio energetikoa azkartzea, berriztagarrien ezarpena, biltegiratzea eta eraginkortasun energetikoa uztartuz. Prest al dago Euskadi berriztagarrien kopurua handitzeko? Prest al gaude gu gutxiago kontsumitzeko?

Egungo eztabaida konplexuenetako baten aurrean gaude, eta datuekin eta jada gai honetan lanean ari diren adituen eskutik jorratuko dute. Hainbat toki bisitatu dituzte, besteak beste parke eolikoak, energia fotoboltaikoa duten auzokideen erkidegoak, olatuen indarra baliatzen duten instalazioak… Energiaren biltegiratzean izandako azken berrikuntzak ahaztu gabe, berriztagarriak erabat eraginkorrak izan daitezen erabat beharrezkoak.

Arazoak bildu eta irtenbide posibleak aztertu ostean, hainbat galdera ere utziko dituzte mahai gainean: bideragarriak al dira industria salbatzeko? Prest al gaude sakrifizio handiak egiteko?

La factura energética, "Aquí y Ahora" saioaren erreportaje berria, gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

 

Informazio gehiago (2)