22:15ean
Martinikara egingo du bidaia gaur "Vascos por el Mundo" saioak
EITB Media
Joana Etxabe erreportariak eta Javier Quiles kamerariak bertatik bertara ezagutuko dute paradisu itxura duen uhartea, Markel, Aitor, Rodrigo eta Jokin euskaldunen eskutik.
Martinikara egingo du bidaia gaur "Vascos por el Mundo" saioak, Karibe Itsasoaren erdian. Itsasoz haraindiko uharte frantsesa da Martinika, Antilla Txikien artxipelagoan, eta bertatik bertara ezagutuko dute paradisu itxura duen leku hau Joana Etxabe erreportariak eta Javier Quiles kamerariak. Han bizi diren Aitor Llamazares, Markel Ealo, Rodrigo Álvarez eta Jokin Mariño izango dituzte aste honetan bidelagun.
Kontraste-uharte bat da Martinika. Iparraldean, ia 2.000 metroko garaiera duen Pelée sumendia dago, historian suntsitzaileenetako bat; izan ere, antzinako Saint-Pierre hiriburua deuseztatzeaz gain, 30.000 hildako utzi zituen. Iparraldean ere, oihan tropikal handi bat dute, lore tropikalak, tarantulak eta ezkutuko ur-jauziak gordetzen dituena.
Uhartearen hegoaldean, berriz, Karibeko hondartza harrigarriak daude, ilargi erdikoak eta hondar zurikoak, palmondoak eta turkesa koloreko ura dituztenak; eta, nola ez, arrantzaleen hondartzak, arrantza-ontzi koloretsuekin.
La Baignore de Josephine dugu Martinikako leku oso berezienetako bat, bertako ur gardak eta eguna pasatzera hurbiltzen diren dozenaka itsasontzik sortzen duten giroarekin. Tokirik esanguratsuenen artean, Anse d'Arlet udalerrian ere izango da "VXM", bertako pontoi luzea eta itsasora begira dagoen eliza ezagutzeko; eta, jakina, Fort de France ere erakutsiko digute. Han bizi dira uharteko herritar gehienak, eta bertan daude enpresa eta saltoki gehienak. Martinikako Inauteriak ospatzen dituztenean herritar guztiak kalera atera ohi dira dantza egitera eta danborrak jotzera.
Gaur "Vascos por el mundo" saioa ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.