Itxi

Txirrindularitza

2022ko Itzulia Women lasterketa, zuzenean EITB Median

EITB Media

Leer en Castellano

EITBko hedabideetan jarraipen zabala izango du maiatzaren 13tik 15era jokatuko den hiru etapako lasterketak. 12:00etatik aurrera izango dira ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Herriko itzuliaren emakumeen lehen edizioa, Itzulia Women, jokatuko da gaurtik, maiatzak 13, igandera, maiatzak 15, eta EITBk jarraipen zabala egingo dio telebistan, irratian eta Interneten. Gasteizen hasi eta Donostian amaituko den hiru etapako lasterketa, egunero zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en 12:00etatik aurrera, Xabier Andueza, Olatz Foruria eta Leire Olaberriaren kontakizunarekin.

Irratiek ere gertutik jarraituko dute Itzulia Women. Euskadi Irratian, Xabier Muruak eta Jon Altunak egingo dute lasterketaren kontakizuna zuzenean larunbat eta igandean, eta helmugan Naiara Olaizola izango dute protagonisten iritziak biltzeko. Aditu lanetan Ainhoa Ostolaza eta Ainhoa Artolazabal txirrindulari ohiak izango dituzte. Ostiralean Naiara Olaizolak emango du lasterketaren berri helmugatik.

Radio Euskadik eta Radio Vitoriak bat egingo dute Itzuliaren jarraipena egiteko. Gaur, Dani Egaña irteeran eta helmugan izango da. Larunbat eta igandean, berriz, 13:00etatik 14:00etara, Dani Egañak berak gidatutako saioan zuzenean emango dituzte azken kilometroak. Abraham Olano izango dute aditu lanetan eta Jagoba Arostegik protagonistekin egoteko aukera izango du helmugan. Radio Vitoriak, gainera, konexio bereziak egingo ditu ostiraleko irteeraren berri emateko "Radio Vitoria Gaur" irratsaioan, eta helmugan Eneko Aldekoa izango du.

eitb.eus-ek, streaming bidezko emankizuna eskaintzeaz gain, Itzuliaren inguruko atari berezia izango du, lasterketaren inguruko informazio zabalarekin. Halaber, erabiltzaileek Itzuliaren eguneroko lehiaketan parte hartu ahal izango dute galdera bati erantzunez. Egunero, Etxeondoren maillot eta kulot bat zozketatuko dira.

Hiru etapa

Lehen Itzulia Women lasterketak hiru etapa izango ditu. Lehenengoak Gasteiz eta Bastida lotuko ditu 105,9 kilometroko ibilbidean zehar, eta parte-hartzaileek hiru gain puntuagarri igo beharko dituzte: 3. mailako bi eta 2. mailako bat.

Bigarren jardunaldia Mallabian hasi eta amaituko da. Etapak 118,3 kilometroko ibilbidea izango du, tartean, sei mendate. Txirrindulariek izango duten zailtasunik gogorrena etaparen amaiera alderako Karabieta lehen mailako igoera izango da.

Lasterketaren azken eguna Gipuzkoan barrena jokatuko da oso-osorik, Donostia izango baitu abiapuntu eta helmuga. Ziklistek jardunaldirik luzeenari egingo diote aurre (138,9 km), eta lau igoera puntuagarri gainditu beharko dituzte: 3. mailako bi eta 2. mailako beste bi.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)