Zientzia eta Teknologia saioa
Urrezko nanopartikulak eta hiesa, 'Teknopolis' saioan
A.E.
EITB
Halaber, Arrasaten egin den Materialen Zientzia eta Teknologiari buruzko lehen kongresuaz ere arituko dira.
CIC biomaGUNE ikerketa- zentroan urrezko nanopartikulak egiten dituzte, eta haiekin hiesaren birusaren aurka borrokatu nahi dute. Horixe izango dute hizpide 'Teknopolis' saioan. Sekretua urreari kanpoaldean jartzen dizkioten karbohidratoetan dago. Izan ere, birusaren kanpoaldean dauden karbohidrato berak dira. Urre-atomo gutxi batzuk erabiltzen dituzte, eta urrea bera baino garestiagoa da nanopartikularen kanpoaldea diseinatzea eta sintetizatzea.
Materialen Zientzia eta Teknologiari buruzko lehen kongresua egin berri da Arrasaten. Fisikariak, kimikariak, injineruak, biologoak… bi egunez egon dira materialen inguruko gaiak euskaraz konpartitzen. Erreportajea ere eskainiko dio saioak.
Memoriadun materialei ere erreparatuko diete. Adibidez nikela, titanioa edo burdina daramaten aleazio metalikoak dira, eta tenperatura altuetan edo eremu elektromagnetikoen eraginpean jarrita, jatorriz zuten formara itzultzeko gaitasuna dute. Horrela esanda, agian ez zaizue bururatuko material horien erabilerarik, baina anitzak dira. Biomedikuntzan eta industrian, automozioan adibidez, erabilera ugari dituzte. Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurrerapauso bat egin nahi izan dute material horien ikerketan.
Vlog tartean periferiko mugikorren inguruan arituko dira. Zenbatetan gertatuko zitzaigun, kalean gaudela, laneko kontu bat presaz amaitu edo lotu behar, eta bulegoko materiala faltan botatzea? Ordenagailua, dagoeneko, smartphoneetan daramagu integratuta, baina inprimagailua, eskanerra eta beste aparatu asko oraindik ez. Ala bai? Alaitz Ochoa de Eribe 'Teknopolis'eko lankideak argituko du zer gailu edo aplikazio berri aurki daitekeen merkatuan.
'Teknopolis' saioa, larunbatean, 13:00etan dago ikusgai ETB-1en, igandean, 11:15ean ETB-2n eta asteazkenean 22:55ean ETB-3n.