Aste honetan
Miniauto gidatu baten sorkuntza prozesua, gertutik, 'Teknopolis'en
A.H.
EITB
Saioak, gainera, Antton Mendizabalen lan berria ezagutuko du eta Ralf Rchter ikerlari alemaniarrarekin izango da.
San Pankrazio eguna berezia izaten da Mondragon Unibertsitatean, batez ere, Ingeniaritza Eskolako 5. mailan dauden ikasleentzat. Festa -eta lehiaketa- eguna izaten da. Aurten, erronka berri bat proposatu diete ikasleei: miniauto telegidatu bat sortzea. Berek diseinatu eta egin behar izan dute autoa, eta, ondoren, lasterketa batean lehiatu behar izan dira. 'Teknopolis'ek pausoz pauso jarraitu du autoen sorkuntza-prozesua.
Horrez gain, aste honetako 'Teknopolis'ek, Oiartzungo Pagoartera joango da Antton Mendizabal eskulturagilearen azken lana, Soinuak Soin, ezagutzera. Mendizabalek teknologia eta artea ezkondu ditu bere erakusketa honetan.
Bestalde, Miñaoko teknologia-parkeko CIC energiGUne ikerketa-zentroan eguzki zentraletan erabiltzen diren gatzen alternatiba izan litezkeen materialak ikertzen ari dira, Eguzkiaren beroa ustiatzea eraginkorragoa eta merkeagoa izan dadin.
Amaitzeko, Ralf Rchter ikerlaria ezagutuko dute 'Teknopolis'en. Alemaniarra da, baina urteak daramatza Donostian. Ikerketa-talde bat zuzentzen du CIC BiomaGUNE zentroan. Fisikaria eta kimikaria da, eta bere lantaldean esparru ezberdinetatik etorritako zientzialariek egiten dute lan: biologoek, kimikariek, materialetan adituek...
'Teknopolis' larunbat honetan emitituko da 13:25ean ETB-1 eta igandean 19:55ean ETB-2n.