Itxi

Txirrindularitza

Frantziako Tourra, uztailaren 24ra arte, zuzenean EITB Median

EITB Media

Leer en Castellano

Munduko txirrindularitza lasterketarik prestigiotsuena, arratsaldero EITB komunikazio taldeko hedabideetan: ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EITBko hedabideek zuzenean eskainiko dute uztailaren 1etik 24ra jokatuko den Frantziako Tourra. Munduko txirrindularitza lasterketarik prestigiotsuena ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en jarraitzeko aukera izango dugu, EITBk beste behin kirol hitzordu garrantzitsuenen alde egin duen apustuari esker.  

Telebistan "On Tour" saioa gidatuko dute Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak 15:00etatik 18:00etara zuzenean ETB1en eta eitb.eus-en. Bertan, etapa bakoitzaren kontakizuna eta analisia egingo dute txirrindularitza munduko gonbidatuak lagun dituztela. Alabaina, nahi duenak Tourrarekin lehenago konektatzeko aukera izango du ETB4n eta eitb.eus-en.  

Xabier Usabiaga, Pedro Mari Goikoetxea eta Fermin Aramendi

Euskadi Irratiak etaparen azken txanpa eskainiko du egunero, 16:00etan hasita. Joxe Mari Apaolaza buru dela, honako hauek osatuko dute berriemaile eta komentarista taldea: Jon Altuna, Eugenio Goikoetxea eta Mikel Astarloza. Asteburuan, berriz, "Hiru Erregeen Mahaia"k emango du lasterketaren berri.  

Radio Euskadin eta Radio Vitorian, halaber, egunero egingo diote tartea Tourrari arratsaldean, zuzenean, Dani Egaña, Abraham Olano eta Edu Garciaren eskutik.  

Etapa guztiak streaming bidez ikusteko aukera izango da eitb.eus atarian zein EITB Albisteak eta EITB Nahieran mugikorretarako aplikazioen bitartez.  

EITBren eskutik, zaleek goi mailako txirrindularitzaz gozatuko dute, eta, #OnTourEITB lehiaketan parte hartuz, EITBren maillot eta kulot bat irabaz ditzakete egunero, eta EITBko txirrindularitza komunitatearen kide bihurtuko dira. 

Danimarkako hiriburuan, Kopenhagen, abiatuko da aurtengo Tourra, eta herrialde hartan jokatuko dira lehenengo hiru etapak. Frantzian barrena ibili ostean, Parisera helduko dira uztailaren 24an, 3.328 kilometro egin eta gero. 21 jardunaldi jokatuko dira: horietako bost mendi garaian amaituko dira, bi erlojuaren kontrako probak izango dira, eta gorabehera handiko beste hainbat etapa izango dira. 

176 txirrindulari lehiatuko dira, 22 taldetan banatuta. Tartean izango da Tadej Pogacar, hirugarren Tourra jarraian eskuratzeko asmoz. Primoz Roglic izango da bere arerio nagusia, baina tartean ibiliko dira baita Jonas Vingegaard, Aleksander Vlasov, Romain Bardet eta Enric Mas ere, besteak beste. 2022ko Frantziako Tourreko euskal ordezkaritza Ion Izagirre, Gorka Izagirre, Imanol Erviti eta Jonathan Castroviejok osatuko dute.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)