Itxi

Kirolak

Goren mailako arrauna, zuzenean EITBn punta-puntako teknologiari esker

EITB Media

Leer en Castellano

Eusko Label eta Euskotren ligetako estropada guztiak, Euskadiko Txapelketa eta Donostiako Bandera izango ditugu ikusgai larunbat honetan hasiko den arraun denboraldian zehar.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Goren mailako arraunaz gozatzeko aukera izango da EITB Taldeko hedabideetan. Eusko Label eta Euskotren ligako estropada guztiak, Santiago egunez Lekeition jokatuko den Euskadiko Txapelketa eta Donostiako Banderako sailkatze estropada eta bi jardunaldiak zuzenean jarraitu ahal izango ditugu ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus-en.   

Berritasun teknologikoak emanaldietan 

AZTI eta Euskalmet erakundeen eskutik, itsasoari eta eguraldiari buruzko datu osagarriak ezagutuko ditu ikus-entzuleak. Joan den urtean, lehen pausu bat eman zen batimetrien bidez, eta, aurten, bigarrena bilatuko dute, olatuak, korronteak eta haizearen norabideak aztertuz. Marea biziak, marea hilak, olatuen arteko ezberdintasunak, korronteen eragina eta haize aldaketak zainduko dituzte emanaldia aberasteko asmoz. 

Euskotren eta Eusko Label ligetako txanda bakoitzaren jarraipena oso zorrotza izango da. 12 kamera erabiliko dira arraunlarien eta patroien lanak jarraitzeko: bost lehorrean, bat zero kaletik nabigatuko duen katamarenean, beste bat helikopteroan, bi traineruen kareletan, beste pare bat itsas epaileen ontzietan eta, azkenik, bideo-finisha helmugako balizen parean. Helikopterokoa eta katamaranekoa, Zineflex kamerak izango dira, optika berezia dutenak urruti dauden kirolariak hurbil ikusi ahal izateko.

Audio arloan, azpimarratzekoa da traineru bakoitzak EITBren mikrofono bat eramango duela, baita itsas epaileen bi ontziek ere. Bestalde, traineruen arteko tarteak finkatzeko erabiltzen diren 16 GPSak berriak izango dira, merkatuan dauden zehatzenak.

Guztira, 45 profesionalek osatutako giza talde bat arduratuko da arraunaren emanaldiak egiteaz. Kontakizunaren arduradunak Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandara izango dira ETBn; Manu Maritxalar eta Patxi Egurrola, Euskadi Irratian eta Asier Kareaga eta Imanol Cascante, Radio Euskadin. 

Estropaden egutegia 

Uztailaren lehen asteburuan jokatu dira Eusko Label eta Euskotren ligetako lehen bi estropadak: Bilboko Bandera (uztailak 2) eta Fabrika Bandera (uztailak 3) Donostiako uretan. Hurrengo hitzordua Galizian izango dute, Coruñako Bandera; lehen jardunaldia, larunbatean eta bigarrena, igandean. 

Bi liga nagusietako beste bost estropada eskainiko dira uztailean: Orio Kanpina Bandera (16), Petronor Bandera, Zierbenatik (17), Sestaoko Bandera (23), Santurtziko Ikurrina (24), Getxoko Ikurrina (30) eta El Correo Bandera, Lekeitiotik (31). Lekeition jokatuko da Euskadiko Txapelketa ere, uztailaren 25ean. 

Abuztuko emanaldiak hauek izango dira: Hondarribiko Bandera (6), Getariako Ikurrina (7), Ondarroako Bandera (13), CaixaBank Bandera Castro Urdialesetik (14), Zarauzko Ikurrina (20 eta 21), Areseko Bandera (27) eta Boiroko Bandera (28). 

Abuztuko azken egunean eta iraileko lehenengoan Donostiako Banderaren sailkatze estropadak izango ditugu ikusgai. Urteko hitzordu nagusia irailaren 4an eta 11n jokatuko da. 

Ohi denez, Bermeoko Ikurrinak (irailaren 17an) eta Portugaleten egiten den El Corte Inglés Banderak (irailaren 18an) itxiko dute denboraldia. Egun horietan jokatuko dira play-offak ere.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)