Final Handia
Ainik eta Jokinek berdinketa historikoa lortu dute, eta biak dira “El Conquistador 18”ko irabazleak
EITB Media
Jokin hasieratik irabazten zihoan arren, izugarrizko igoera egin du Ainik eta batera hartu dute azken banderatxoa. Line gelditu da bigarren, eta Arruti, hirugarren.
"El Conquistador" saioaren historian lehen aldiz, final handiaren proban berdinketa egon da, eta Ainize Lizarraldek, Ainik, eta Jokin Ramosek ikurriña eta saria partekatu dituzte. 20.000 euro eta txapela eraman ditu bakoitzak. Hala, lau besok altxatu dute ikurriña Las Galeras (Dominikar Errepublika) inguru xarmagarrian. Oihu eta poz algaren artean amaitu dute azken proba gogor hau.
Lau finalistek, Ainik, Jokinek, Linek eta Arrutik, launa banderatxo lortu behar zituzten, eta ondokoa egin behar izan dute proban: 200 metroko igeriketa, orientazioa, urpekaritza, 30 metroko eskailera igotzea, soka batekin jauzi egitea, eta, azkenik, 80 metroko jumarra.
Jokin aurretik joan da final osoan zehar. Hiru banderatxoak lortzen aurrenekoa izan da. Azkeneko zatia falta zitzaion ikurriña eskuratzeko, jumarra. Abantaila nabarmena zuen, baina, bere hitzetan, atzean norbait zuela igarri du. Jumarraren azken metroetan, Ainik sekulako igoera egin du eta Jokinekin batera lortu du azken banderatxoa. Atabey ohiak erakustaldi paregabea egin du.
Ordu batzuk arinago, lau finalistak hondartza eder batera iritsi dira, urduri eta emozionatuta. Sufrimendu eta esfortzu guztiaren ondoren eta jejenen ziztadez josita, azkenean, final handiaren atarian zeuden. Ontzi batean bidaiatu dute lehenik, eta handik uretara egin dute salto, igeri egin, harik eta lehen banderatxoa lortu arte. Hori lortuta, ondoan zituzten hurrengo banderatxoa lortzeko jarraibideak, hau da, iparrorratza eta koordenadak. Inork ez zuen espero, ordea, berriz ere itsasora itzultzea, banderatxoak urpean baitzeuden, itsaso gardenaren hondoan.
Arrutik ezin izan du bigarren banderatxoa aurkitu, nahiz eta gertu izan. Proba amaitu duenean, banderatxoa non zegoen jakin nahi izan du, etxera bi banderatxoak eraman nahi zituelako oroigarri gisa. Iazko edizioan lehenbiziko kanporatua izatetik, aurten finalista izatera iritsi da, eta ondo merezita gainera!
Line hirugarren izan da final handian. Jokin eta Aini aurretik zituen; halere, brasildarrak ez du amore eman eta hirugarren banderatxoa lortu du. Eskailera bat igo behar zuten lortzeko, eta, behin igota, salto egin, pendulu bati helduta. Ainik zalantzak izan ditu salto egiterako orduan, baina, azkenean, hirurak ausartu dira. Linek jumarra hasi du, baina geratu behar izan da, Jokinek eta Ainik jada irabazi dutelako. Realityaren historiako 18 urteetan lehen aldiz izan dira bi irabazle.