Audientzia
"El Conquistador del Caribe"ren final arrakastatsua, Aini eta Jokinen berdinketa historikoarekin
EITB Media
Finala eguneko saiorik ikusiena izan da Euskadin, eta asteleheneko ordutegi nagusian lidergoa lortu du % 28,8ko audientzia-zatiarekin eta 326.000 ikus-entzuleko audientzia metatuarekin.
"El Conquistador del Caribe" saioaren historian lehen aldiz, final handiaren proban berdinketa egon da, eta Ainize Lizarralde Ainik eta Jokin Ramosek ikurrina eta saria partekatu dituzte.
Karibeko paradisuzko hondartzetan jokatutako proba oso gogorra izan da. Lau finalistek, Ainik, Jokinek, Linek eta Arrutik, launa banderatxo lortu behar zituzten, eta ondokoa egin behar izan dute proban: 200 metroko igeriketa, orientazioa, urpekaritza, 30 metroko eskailera igotzea, soka batekin jauzi egitea, eta, azkenik, 80 metroko jumarra.
Jokin aurretik joan da final osoan zehar eta hiru banderatxoak lortzen aurrenekoa izan da. Azkeneko zatia falta zitzaion ikurrina eskuratzeko, jumarra. Abantaila nabarmena zuen, baina bere hitzetan, atzean norbait zuela igarri zuen. Jumarraren azken metroetan, Ainik sekulako igoera egin du eta Jokinekin batera lortu du azken banderatxoa. Atabey ohiak erakustaldi paregabea egin du. Line bigarren postuan geratu da eta Arruti, hirugarrenean, ez baitu urpeko bere bigarren baderatxoa aurkitu.
Asteazken honetan, Patxi Alonsok aurkezten duen "El Conquis" saioan, bi irabazleak izango dituzte gonbidatu eta publikoaren lehiakide gustukoena aukeratuko dute.
"El Conquistador", astelehen gauetako liderra
Audientziaren harrera bikaina izan du finalak, eta 326.000 ikus-entzulek bat egin dute emanaldiarekin uneren batean Euskadin eta eragin eremuan. Eguneko saiorik ikusiena izateaz gain, denboraldiko atalik ikusiena eta asteleheneko ordutegi nagusian liderra izan da % 28,8ko audientzia-zatiarekin. Halaber, 23.000 pertsonek jarraitu dute emanaldia streaming bidez eitb.eus-en eta EITBko appetan.
ETB2 asteleheneko kanalik ikusiena izan da % 14,5eko audientzia-zatiarekin.
18.denboraldia estreinatu zenetik, programa liderra izan da asteleheneko ordutegi nagusian astero; bataz beste, % 24,4ko audientzia-zatia eta 289.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu ditu. Era berean, "El Conquistador" saioa azken bost hilabeteetan Euskadin izandako emisio diferituen buru izan da.
Publikoaren faboritoaren gala
Asteazken honetan, Patxi Alonsok publikoaren faboritoaren gala aurkeztuko du, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Saioak finaleko irudi ikusgarrienak eskainiko ditu eta bi irabazleak, Aini eta Jokin, hartuko ditu platoan, baita Arruti eta Line finalistak eta aurtengo edizioko partaide eta kapitain guztiak ere.
Bestalde, publikoaren lehiakide faboritoa nor den jakinaraziko dute. Iri, Arruti, Lide, Iban, Peña eta Annie dira faboritoa bihurtzeko lehian geratu diren sei finalistak, eta irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du. Saioaren jarraitzaileek bihar arte izango dute botoa emateko aukera "Conquis" aplikazioan.
18. denboraldiko lehiakideak