Lehiakide gogokoenaren Finala
Arrutik eraman du "El Conquis"eko lehiakide gogokoenaren 5.000 euroko saria!
EITB Media
Donostiarrak jaso ditu saioko jarraitzaileen boto gehien. Iri izan da bigarrena; Iban, hirugarrena; Annie gelditu da laugarren postuan; Peña, bosgarrenean; eta Lide, seigarrenean.
Mikel Arruti Corocote taldeko kidea izan da "El Conquistador del Caribe" saioaren 18. edizioko lehiakideen artean ikus-entzuleek gogokoen izan dutena, eta 5.000 euroko saria eraman du. Horrez gain, Viajes Azul Marino etxeak emandako bidaia bat ere irabazi du. Iri izan da bigarren gogokoena; Iban, hirugarrena; Annie gelditu da laugarren postuan; Peña, bosgarrenean; eta Lide, seigarrenean.
Arruti zen bozkatuenen artean finalera iritsi den lehiakide bakarra; laugarren gelditu zen finalean, banderatxoa ez baitzuen uretatik atera. Saioaren jarraitzaileak joan den urtean hasi ziren donostiarra maitatzen, eta bosgarren lehiakide gogokoena bera izan zen. Iaz, abenturako lehen kanporatua izan zen, taldekideek erabaki baitzuten bera etxera bidaltzea, eta duelurik egiteko aukerarik ere ez zuen izan. Aurten aitortu duenez, joan den urtean ez zegoen gustura, kezkatuta baitzegoen amari bizkarrean koskor bat aurkitu ziotelako. Dena den, guztia ongi atera zen, koskorra onbera baitzen.
18. edizio honetan, aldiz, Arrutik nabarmendu du hasieratik gozatu duela abenturaz, oso pozik egon dela eta gustura sentitu dela. Oso pozik gelditu da egindako lanarekin.
Arrutiz hitz egiterakoan ezin dugu aipatu gabe utzi Unai, haren anaia, hasiera-hasieratik elkarrekin egon baitira. Bien arteko adiskidetasuna edizioko gauzarik politenetakoa izan da, eta elkarrekin barrez lehertzen, dantza egiten, garaipenak ospatzen eta strip-tease bat egiten ere ikusi ditugu! Oso momentu hunkigarria izan zen Unai kanporatu zutenean elkarri agur esan ziotenean.
Iri, bigarrena
Ez dugu Aritz Irigoyen, Iri, ahaztu nahi gogokoenaren sariaren lehiaketa honetan, bigarrena izan baita. Abentura hasi zenetik, urretxuarrak erakutsi zuen barre asko egingo genuela berarekin, baina Corocote taldeko kideak erakutsi du abenturazale ona ere badela. Izan ere, bateratze fasera iritsi da, eta finalaren atarian esan dio agur lehiaketari. Bera da 18. edizio honetan kanpamentu aberatsean gehienetan egon den lehiakidea. Corocote irribarretsuenak momentu ederrak eman dizkigu: zorioneko galtzontzilloak, tangoa dantzatu zuenean, Olasagasti aizkolaria imitatu zuenean… Halaber, erakutsi digu bihotz izugarri handia duela, eta hunkituta ikusi genuen amonak, familiako gainerako kideak, Altea eta gainerako lagunak gogoratu zituenean.
Iban, hirugarrena
Askoren ustez, Iban Martin 18. edizioa irabazteko faboritoa zen, baina sukarrak haren bidea eten zuen eta medikuaren erabakiz utzi behar izan zuen abentura. Gernikarra edizioko Yocahu maitatuena bilakatu da bere indarragatik, sinpatiagatik eta zentzuz jokatu duelako, baita proba eta duelu bikainak egin dituelako ere. Ezin ahaztu Ianireren eta Jokinen aurka tirolinan egin zuen erakustaldia, ezta Pirrisen eta Iratxeren aurkako dueluan jumarrean eta rappelean egin zuen lan ona. Hasieratik erakutsi zuen lehiakide onenetakoa zela, mutilen lehen immunitate jokoa irabazi eta suharria lortu baitzuen. Ez dakigu abentura osasun arazoen ondorioz utzi behar izateagatik arantza kentzeko lehiaketara itzultzeko aukera izango duen ala ez. Dena den, berak argi dauka itzuli nahi duela, berdin zaio lehiakide bezala ala kapitain bezala.
Boto emaileei saria
Azkenik, saioaren aplikazioan lehiakide gogokoenaren alde botoa eman duten guztien artean 1.200 eurotan baloratutako Ternua produktu-bilduma zozkatu dugu. Irabazlea Gernikako Unai Acevedo izan da. Zorionak!