Itxi

00:00etan

'Valencia: La copa imposible' erreportajea, asteazkenean, ETB-2n

A.H.

EITB

Euskal Telebistak 2009an jokatutako kopa finala gogoratuko du.

Athletic Hiria Valentzian, 2009an. EFE

Euskal Telebistak Athletic taldeari eskainitako programazio bereziarekin jarraituko du aste honetan eta asteazkenean, 'Valencia: La copa imposible' erreportajea eskainiko da ETB-2n. Koldo Urrizek egindako erreportaje honek 2009an jokatutako Errege Kopako finala gogoratuko du. Aurtengo finalerako egun gutxi falta direnean, duela hiru urte Valentzian bizitakoa gogoratzen dute askok. Final hunkigarria izan zen talde zurigorriko jarraitzaileentzat.

2009koa, Athletic-ek 24 urtetan jokatutako lehenengo finala izan zen. Jarraitzaileek urte luzez sufritu izan zuten bere taldearekin eta bapatean, munduko talde onenaren kontra irabazteko aukerak itxaropena eman zien, zaleen artean neurririk gabeko ilusioa piztuz. Horrela, 40 mila jarraitzailek baino gehiagok Valentziarako bidea hartu zuten, eta, ez hori bakarrik, taldeak norgehiagoka jokatu aurretik emandako pausu guztiak ere zaleen bertaratze masiboekin eman ziren: San Mamesen irekian egindako entrenamendura 30 mila zale hurbildu ziren, eta Carlton hotelean zein aireportuan egindako agurrek ere jendetza mordoa erakarri zuten.

Finala galdu ondoren, bai jokalarien zein jarraitzaileen negar eta malkoak, denen artean sortutako sinbiosi horren ondorio izan ziren hein handi batean, eta elkartasun hori argi ikusi da aurten jokatu izan diren partida guztietan ere.

ETBk eskainiko duen erreportaje honek, ezagutu ez ziren zenbait gertakizunen berri emango du, horien artean, partidaren aurretik jokalari batzuek prestatutako bideoa eskainiko da. Taldeak hoteletik estadiora autobusez egindako ibilbidearen irudiak eskainiko ditu bideoak: zaleez inguratuta ibili zen autobusa eta barruan, jokalariak saltoka hasi ziren, pozik eta hunkiturik.

Erreportajeak Joaquin Caparros, Joseba Etxeberria, Fernando Llorente eta Gaizka Toqueroren partaidetza izango du eta baita Valentziara joan ziren hainbat jarraitzaileen testigantza ere.

'Valencia: La copa imposible' asteazkenean eskainiko da 00:00etatik aurrera ETB-2n.

Athletic Kopa 2012, ETB-1en

Euskal Telebistako lehenengo kateak, bere aldetik, 'Athletic Kopa 2012' saioa eskainiko du, taldeak aurtengo kopa txapelketan bizi izan dituen momenturik onenen errepasoarekin. Elena Etxebarrietak ekoiztuta, Oviedo, Albacete, Mallorca eta Mirandes taldeen kontra jokatutako partidak gogoratuko ditu saioak, taldearen zein jarraitzaileen ikuspegitik.

'Athletic Kopa 2012' asteazkenean emitituko da 23:10etik aurrera ETB-1en.