22:30ean
Jatetxeak eta arkitektura, gaur "Duelo en las Alturas" saioan
EITB Media
Donostiako Akelarre, Komentu Maitea Gordexolan eta Laudioko Palacio de Anuncibai jatetxea izango dira aste honetako protagonistak Anne Igartiburuk aurkeztutako saioan.
Euskal Herriko arkitekturan zehar bidaia berria proposatuko digu gaur "Duelo en las Alturas" saioak, Anne Igartibururen eskutik. Astero bezala, hiru eraikin ezagutuko ditugu, inoiz ikusi ez ditugun bezala: aurretik telebistan erabili ez den 3D eskanerraren teknologiarekin, haien edertasuna, indarra eta berezitasunak irudikatzeko. Gainera, hiru pertsona gonbidatu izango dituzte programan, leku eta eraikuntza enblematiko horiek bertatik bertara ezagutzeko.
Oraingo honetan jatetxeak izango dira "Duelo en las Alturas" saioko protagonistak. Gurean, 3.800 jatetxetik gora omen daude, eta horietako hirutara egingo dugu bisita: Donostiako Akelarre, Gordexolako Komentu Maitea eta Laudioko Palacio de Anuncibai.
Akelarrek 3 Michelin izar ditu, eta luxuzko hotela bertan. Gipuzkoako kostaldeaz gozatzeko aukera ematen du 70eko hamarkadatik. Pedro Subijana sukaldaria dugu bertako burua, eta, oraingo bidaia honetan, Iñaki Gabilondo kazetaria izango du bidelagun.
Gordexolako (Bizkaia) Komentu Maitea jatetxea, berriz, moja frantziskotarren etxea zen; baina, egun, txingarrak dira bertako izaeraren oinarria. Sarri joan ohi da bertara Jose Angel Iribar Athletic Clubeko atezain ohia, eta han bizitako esperientziak kontatuko dizkigu.
Azkenik, Laudioko Palacio de Anuncibai jatetxea bisitatzeko aukera ere izango dugu. Antzinako Bizkaiko jaurerriaren sarreran kokatuta, Erdi Aroan sortutako leinu baten ondarearen parte da. "El Conquis" saioko David Seco izango da bertan.
"Duelo en las Alturas" gaur izango dugu ikusgai 22:30ean ETB2n eta eitb.eus-en.