Ostiralean, 21:00etan
Bartzelonatik agurtuko du denboraldia 'Hitzetik Hortzera'k
A.E.
EITB
Bertsolariak, glosadoreak, casteller-ak eta bertso-soparra izango dira.
Bartzelonatik agurtuko du denboraldia 'Hitzetik Hortzera'k. Programak berak eta Bartzelonako Euskal Etxeak elkarlanean antolatutako Bertso-Soparra izango da hondarreko atalaren ardatza. Agin Rezolak eta Igor Elortzak saio bikaina egin zuten, bai librean, bai Jone Uriak jarritako gaiei kantatzean. Bertsoaldi onenak eta hiru bertsolariekin egindako elkarrizketak emango dituzte. Jone Uria udazkenetik bizi da Bartzelonan, eta bertso jarrien bidez erakutsiko du hiria 'HH'n. Gainera Sants auzokoko Borinots Castellers taldeko kide ere bada Jone, eta Kataluniako tradizio horren barrunbeetan gidatuko du ikusentzulea, hori ere bertso kantuan.
Kantu inprobisatua gero eta indartsuago dago Herrialde Katalanetan. Horren erakusgarri Milena Rafòls, Lluis Gracia, Christian Simelio eta Farriol Macip glosadoreek bazkaloste batean egindako jarduna eta eurekin egindako hizketaldia emango dituzte.
Zappingean Carles Beldak eta Helena Casasek, Pomada taldekoak, Euskal Herrira egindako bixita oroituko dute, hain zuzen, Bilborock aretoan Jexux Mari Irazu eta Maialen Lujanbiorekin egindako saioa. Erreportajean bertsolaritza oinarri duen ikuskizun bat: Errimak Oinetan. Haatik konpainiak, Unai Elizasuk tentatuta, bertsoak dantzatzeari ekin dio. Aiert Beobide, Garazi Lekuona, Onintza Odriozola, Gotzon Poza eta Maitane Mujika dira dantzariak, eta euren entseguetan sartu dira programako kamerak. Ekainaren 2an estreinatuko dute ikuskizuna Leioan. Eta Zuri-beltzeko AUSPOAn inoiz irakurri duen nobela ederrena aurkeztuko du Txomin Garmendiak: Nork bere bidea, Juan Jose Irazustarena. Patagoniara heldutako euskaldun baten abenturak kontatzen ditu liburuak.
'Hitzetik Hortzera' ostiralean izango da ikusgai 21:00etan ETB-1en eta eskura dago baita ere EITB nahieran.