Abuztuaren 2tik 9ra
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan murgildu da EITB
EITB Media
Zeledonen jaitsieraren emanaldia izan da abiapuntua, ostegun arratsaldean, ETB2n eta eitb.eus-en. Horrez gain, igande gauean, Gariren kontzertua izango dugu Gasteiztik "Lau Teilatu" saioaren barruan. Radio Vitoriak jaien inguruko programazio berezia egingo du kaletik.
Abuztuaren 2tik 9ra ospatuko diren Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte zabala izango dute EITBko hedabideetan. Jaietako ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira telebista, irrati eta Internet bidez. Halaber, Arabako hiriburuko festa giroaren berri ere emango dute albistegi eta saio ezberdinetan.
Zeledonen jaitsieraren emanaldia izan dugu abiapuntu ostegun arratsaldean. Pilar Ruiz de Larrea eta Unai Ugarte Radio Vitoriako kazetariek egin dute kontakizuna 17:35etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en. Berriemaile lanetan, elkarrizketak eginez eta kaleko giroa jasotzen, Iñaki Elorza eta Egoitz Txurruka aritu dira. Gonbidatuen artean izan dituzte, besteak beste, Gorka Ortiz de Urbina (Zeledon), Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta txupinazoa bota duten bost lagunak: Elena Loyo eta Ruth Brito kirolariak, Maria Jose Saez de Cortazar ostalaria, Jaione Prado merkataria eta Arantza Navarro ikerlaria. Emanaldi berezi hau hainbat bideorekin osatu dute.
Igande gauean, "Lau Teilatu" saioaren atal berri bat izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, Ilaski Serranok gidatuta. Iruñeko kontzertuaren ondotik, oraingo honetan, Gasteiz izango da protagonista. Gari abeslariak Villa Suso jauregiaren kanpoaldean eskainitako errezitalaz gozatu ahal izango dugu.
Gasteizen grabatutako beste emanaldi berezi bat ere izango dugu: Aihotz plazan egingo den txistulari kontzertua, hain zuzen ere. Bertan, Euskal Herriko herri ezberdinetako txistulariekin batera, Udal Folklore Akademiak eta Indarra eta Mulixka dantza taldeek hartuko dute parte, besteak beste. Astelehen gauean, 22:30ean eskainiko da kontzertua ETB1en eta eitb.eus-en.
EITBk zuzenean eskainiko ditu, gainera, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera (igandean, 11:45ean, ETB2n eta eitb.eus-en) eta Zeledonen igoera (asteartean, 23:40ean, ETB1en eta eitb.eus-en), Ilaski Serrano gidari dela.
Bestalde, abuztuaren 1etik, Julian Iantzik gidatzen duen "Edozein Herriko" saioa Gasteiztik egiten ari dira, eta bertan izango dira hilaren 11ra arte. Larunbatean, igandean eta astelehenean, iraupen luzeagoa izango du programak eta jaietako su artifizialak eskainiko dituzte.
Azkenik, Andre Maria Zuriaren Torneoko partidak izango ditugu ikusgai datozen egunetan "ETB Kantxa" saioan (ETB1 eta eitb.eus): ostiral gauean, lehen finalerdia, Laso-Imaz / Artola-Albisu; igande arratsaldean, bigarren finalerdia, Ezkurdia-Zabaleta / Altuna III-Rezusta; eta astearte gauean, finala.
Radio Vitoria: egitarau bete betea
Jaien hasiera Radio Vitorian zuzenean jarraitu ahal izan da Joseba Fiestrasek gidatu duen "Kaixo Celedon" saio berezian, 17:00etan hasi eta 22:00ak bitartean. Ondoren, Farolen Prozesioa eman dute.
Ostiraletik igandera bitartean, irratsaio bereziak egingo ditu Radio Vitoriak hiriko erdigunetik, goizean goiz hasi eta iluntzera bitartean antolatu diren ekitaldi nagusien zuzeneko kontakizuna eginez eta jai giroaren berri emanez. Unai Ugarte, Joseba Fiestras eta Isabel Irigoien izango dira saio horien gidariak.
Astelehen eta asteartean ere tarte nabarmena izango dute festek programazioan eta jaien amaiera ekitaldia zuzenean eskainiko dute astearte gauean. Horrez gainera, blusen koadrilek antolatutako ekitaldi askoren laguntzaile izango da Radio Vitoria, ohikoa duen kaleko presentzia indartuz.
EITB Taldeko gainerako irratiek (Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Gaztea) ere arreta berezia eskainiko diete Andre Maria Zuriaren jaiei.