Estreinaldia
"Kantuen Kontrabandista" saioaren estreinaldia, gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Gure ondarea birsortzeko helburuarekin, Pantxoa Bergara Xabaltx autore-konpositoreak Euskal Herriako hiriak eta mendiak zeharkatuko ditu kantu galduen bila.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaurtik aurrera, Pantxoa Bergara Xabaltx autore eta konpositoreak gidatutako "Kantuen Kontrabandista" saio berria eskainiko du EITBk astero. Protagonistak Euskal Herriko herriak eta mendiak zeharkatuko ditu, zaldiz, aspaldiko kanten hitz eta doinuez oroitzen diren azken lekukoak topatzeko. Makilan gordetako mikro batean grabatuko ditu kantu galdu horien azken aztarnak, eta ondare baliotsu hori egungo musikari eta artista ezagunei eramango die, moldatu eta garai berrietara egokitu dezaten. Inda behor leiala lagun, Xabaltxek Euskal Herriko kontrabandisten bideak zeharkatuko ditu gure ondarea birsortzeko helburuarekin, eta, astelehenero, road movie musikal honetan barrena bidaiatzera gonbidatuko ditu ETB1eko ikus-entzuleak 22:30etik aurrera.
R.M. Azkueren eta Aita Donostiaren XX. mende hasierako dokumentazio lanetan oinarrituta, "Kantuen Kontrabandista" proiektuaren xedea desagertu diren edo desagertzear dauden kantuak errekuperatzea izango da. Hala, hainbat musikari bilduko dira proiektuaren inguruan: Lumi elektro-pop taldea (Nahia Zubeldia eta Manu Matthys), Willis Drummond rock musikagileak, Petti blueslaria, Madda Luzzi, Beñardo gitarrista eta autorea (Morau, Mugaldekoak), Thierry Biscary (Kalakan, Bost Gehio, Kokin…) eta Oihan Oliarj-Ines (Oihaneko Zuhainetan), besteak beste.
Saioan zehar, gainera, hainbat adituk gure kantuen detektibe zaldunari abestien, hitzen eta melodien testuinguru soziokulturalaren eta historikoaren berri emango diote.
Pantxoa Bergara Xabaltx
Lehen bi atalak, gaur ikusgai
Xabaltxek Bidasoaldean ekingo dio lehen abenturari. Xabier Kerexeta historialariak Resurreccion Maria Azkueren liburu batean topatu duen kantu bat bilatzeko proposamena egingo dio: "Luis Gaiztoak". Ustez, betirako desagertuta dagoen kantu zaharra da, eta XVI. mendeko bale ehiztarien bizitza kontatzen omen du.
Xabaltx eta Inda kantu zahar hori oroitzen duen arrantzaleren baten bila abiatuko dira Hondarribiko karriketan barrena, eta garaiko bale ehiztarien bizitza aztertuko dute. Azkenik, kontrabandista baten antzera bildutako merkantzia kultural guzti hori Donibane-Ziburuko Lumi taldeari emango dio, euren estilora moldatu dezaten.
Astelehenean ikusgai izango den bigarren atalean, "Arroxa Xuriaren Azpian" izeneko kantu baten bila joatea erabakiko du Xabaltxek; baina kantu honen musikaren bi bertsio oso desberdin azaltzen dira Azkue eta Aita Donostiaren liburuetan.
Donibane-Ziburuko gaztetxearen ondotik pasatzean, Txomin Dhers txalapartaria ezagutuko du eta, elkarrekin, kanta zaharrari pista jarraitzea erabakiko dute. Garai batean Senperen kantatzen omen zen bertsioaren bila abiatuko dira, eta bertako ikerle eta aditu ezberdinekin hitz egingo dute, horien artean garai bateko kantu zaharrak ondo ezagutzen dituen Terexa Ibarrarekin ere.
Elementu guztiak bildu ondoren, Sara eta Bera lotzen dituen kontrabandisten bide sekretua zeharkatuko du Xabaltxek Willis Drummond eta Petti musikariekin biltzeko.
Willis Drummond taldeko kideak Xabaltxekin