22:30etik aurrera
Kantu galduen bila abiatuko da Xabaltx gaurko "Kantuen Kontrabandista" saioan
EITB Media
Kontrabandisten bizimoduan barrena murgilduko da "Abenduaren hamarraz" kantuarekin; ondoren, Baigorri aldean kokatutako "Bazterretik bazterrera" izeneko kantua osatzeko abentura biziko du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, Pantxoa Bergara Xabaltx autore-konpositoreak gidatutako "Kantuen Kontrabandista" saioaren bi atal berri eskainiko ditu EITBk. Protagonistak Euskal Herriko herriak eta mendiak zeharkatuko ditu, zaldiz, aspaldiko kanten hitz eta doinuez oroitzen diren azken lekukoak topatzeko. Makilan gordetako mikro batean grabatuko ditu kantu galdu haien azken aztarnak eta ondare baliotsu hori egungo musikari eta artista ezagunei eramango die, moldatu eta garai berrietara egokitu dezaten.
Astelehen honetan, Inda behor leiala lagun, Euskal Herriko kontrabandisten bideak eta mugalarien aktibitate nagusia aztertuko ditu Xabaltxek. Gaiarekin lotuta, "Abenduaren hamarraz" kantuaren bila abiatuko da Zugarramurdi inguruetan. Itsasun Madalena Luzzy abeslari eta musikariarekin hitzordua izango du kantua moldatzeko.
Ondoren, Baigorri aldean kokatutako "Bazterretik bazterrera" izeneko kantuak doinu polit bat duela ikusiko du Xabaltxek, R.M. Azkueren idatziak aztertuz; baina topatuko duen bertsioa moztuta dagoela dirudi. Parte bat falta zaiolakoan, Baigorri aldera joatea erabakitzen du. Mugaldekoak izeneko musika taldearekin partekatuko du Xabaltxek kantuaren inguruan aurkitutakoa.
"Kantuen Kontrabandista" gaur gauean izango da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.