Itxi

22:30ean

"Los Siete Pecados Capitales" saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB Media

Leer en Castellano

Mikel Santiago idazle ezagunak telebistara jauzi egingo du "true crime" formatuko saio berri honekin, azken hamarkadetan euskal gizartea astindu duten krimenak aztertuz.

"Los Siete Pecados Capitales" saioaren aurkezlea eta adituak. Argazkia: EITB Media

Gaur gauean, azken hamarkadetan euskal gizartea astindu duten krimenak aztertuko dituen "Los Siete Pecados Capitales" docu-realitya estreinatuko du EITBk. Mikel Santiago nobela beltzeko idazle bizkaitar entzutetsu eta salduenetakoak, nazioartean aski ezaguna, telebistara jauzi egingo du true crime formatu honekin, eta psikologia forentsearen ikuspuntutik, krimenen egileen adimenean sartuko da.

Atal bakoitzean, zazpi bekatu nagusietako batekin identifikatzen den krimen bat aurkeztuko digu: lizunkeria, zikoizkeria, jalekeria, alferkeria, haserrekeria, bekaizkeria eta harrokeria. Dagoeneko epaitua izan den gertakari horietako bakoitza nola eta zergatik gertatu zen ezagutu asmoz, Santiagok zenbait aditurengana joko du.

Kasu guztiek Euskadirekin harremana izango dute, bai gertakariak izan ziren tokia delako, bai egileak edo biktimak bertakoak direlako. Hartara, Mikel Santiagok kasuarekin zerikusia izan duten lekuak bisitatuko ditu Euskaditik kanpo, Zaragozan, Asturiasen eta Valladoliden, besteak beste.

"Los Siete Pecados Capitales" asteazkenetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Aditu taldea

Kriminalen pentsamendua deszifratzen saiatzeko, Cesar San Juan psikologo forentsearen eta kriminalistaren laguntza izango du Mikel Santiagok. Kriminologiaren Euskal Institutuko irakaslea da San Juan, eta kasu bakoitzaren gako guztiak emango ditu auzitegi-psikologiaren ikuspuntutik. Gainera, krimen bakoitza zazpi bekatu nagusietako batekin lotuko du.

Bestalde, Patricia Rodriguez Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko auzitegi-patologian adituak delituen ebazpenean eta ikerketan disziplina forentseak duen papera erakutsiko du ikuspegi dibulgatzaile batetik.

Iñaki Irustak, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren sortzaileetako bat izan zenak, osatuko du "Los Siete Pecados Capitales" saioaren aditu taldea. Bere laguntza garrantzitsua izango da kasu bakoitzaren ikerketa-prozesua eta kasuaren ebazpenerako polizia-mugarriak argitzeko. Polizia zientifikoaren know howa saiora ekarriko du, poliziaren sail horretan urte luzeetako dedikazioaren eta lorpen handien ondoren.

Atal batzuetan, biktimen ikuspuntua ere sartuko dute, Elena Fernandez-Markaida Goitia auzitegiko psikologo eta bitartekaritzan adituaren analisiaren bidez. Elenak biktimen prozesu psikologikoa aztertuko du krimenaren eszenatoki anitzetan.

Lehen atala: Alferkeria

Saioak erronka zaila jarriko dio Mikel Santiagori lehen atalean: bere eleberrietan ez du inoiz serieko hiltzaile baten pertsonaia sortu. Lortuko al du benetako serial killer baten adimenean sartzea? Idazleak bi kasu hartuko ditu oinarri: hilda dagoen Koldo Larrañagarena, eta kartzelan dagoen Shaolin faltsuarena.

Cesar San Juan psikologo forentse eta kriminalistak Koldo Larrañagaren ibilbidea aztertzen lagunduko dio. Akusatuta zegoen lau krimenetako birengatik zigortu zuten Gasteizko kaleetan 1998 eta 1999. urteetan beldurra piztu ondoren. Adituak idazleari erakutsiko dizkio Koldo Larrañagaren kasua alferkeriarekin lotzeko gakoak.

Halaber, Mikel Santiagok krimenak burutu ziren lekuak bisitatuko ditu, eta ikerketa eta auzipetze prozesuan Koldo Larrañagarekin aurrez aurre egon ziren pertsonekin hitz egingo du. Horien artean, El País egunkarirako kasua jarraitu zuen Pedro Gorospe kazetariarekin, eta gertaeren ikerketan parte hartu zuen Iñaki Irusta Ertzaintzako Polizia Zientifikoko kidearekin arituko da. Shaolin faltsuaren profila ere azalduko du Irustak, Bilbon bi emakume hil ondoren kartzelan dagoen hiltzailea.

Bestalde, Cesar San Juanek Koldo Larrañagaren txosten psikologikoa egin zuen profesionalarekin topo egingo du: Miguel Angel Gutierrez psikiatrak telebistan lehen aldiz azalduko du nolakoa izan zen hiltzailearekin izan zuen hitzordua.

Patricia Rodriguez auzitegi-patologian adituak, bere aldetik, serieko hiltzaileei egin zaizkien hainbat ikerketa neurologiko erakutsiko dizkio Mikel Santiagori, eta elkarrekin hausnarketa egingo dute: hiltzailea jaio edo egiten da?

Informazio gehiago (1)