EITB, pilotaren etxea
Lau t'erdiko finalaren emozio guztia, gaur EITBko kanaletan
EITB Media
Joseba Ezkurdiaren eta Jokin Altunaren arteko norgehiagoka zuzenean jarraitu ahal izango dugu ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en, baita EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioen bidez ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna aurrez aurre jarriko dituen Lau t'erdiko Txapelketako finala zuzenean jarraitu ahal izango da EITB ikus-entzunezko taldearen kanalen bitartez: ETB1, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus, baita EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioak ere. Profesional talde zabala joango da beste behin Bizkaia pilotalekura, esku pilotako hitzordu garrantzitsu honen zirrara guztia ikus-entzuleei helarazteko.
"ETB Kantxa" saioa 16:40ean hasiko da, Jon Balenziagak gidatuta. Pedro Mari Goikoetxea, Olatz Arrizabalaga, Abel Barriola eta Mikel Idoate izango ditu lagun partidaren aurretik eta ondoren egingo dituzten analisietarako. Ohikoa denez, Elena Azpeitiak protagonistak elkarrizketatuko ditu, eta partidaren kontakizuna Xabier Euzkitzek egingo du.
ETB1en eta eitb.eus-en finalaren atariko norgehiagoka ere ikusteko aukera izango da: Urrutikoetxea-Mariezkurrena II / Elezkano II-Rezusta.
Euskadi Irratian, Haritz Gallastegik eta Iñaki Berastegik, Oinatz Bengoetxearekin batera egingo dute kontaketa. Radio Euskadin, berriz, Mikel Bilbao eta Jagoba Arostegi ariko dira Bizkaia pilotalekutik, Juan Martinez de Irujo lagun dutela.
Hamabi kamera Bizkaia pilotalekuan
EITBren profesional talde handia izango da lanean (40 lagun inguru) Bizkaia pilotalekuan gertatzen den guztia ikus-entzuleei xehetasun guztiekin eskaintzeko: kameralariak, laguntzaileak, argi eta soinu teknikariak, produkzioaz arduratzen direnak... Hitzordu garrantzitsua izanik, hamabi kamera erabiliko ditu ETBk emanaldia egiteko, horien artean, ez ohiko irudiak eskaintzen dituen robotizatutakoa. Frontoiaren goialdean kokatzen den "burubero" izeneko kamerarekin jokoaren ikuspegi zenitala erakutsiko da, eta "slow motion" izenekoak, berriz, jokoaren irudi geldoa erakutsiko du.