Itxi

ETBK Sat katean

Lau euskal kirolari olinpiko aste honetako 'BAT to London 2012' saioan

A.H.

EITB

Julen Aginagalde, Victor Hugo Garrido, Zuriñe Rodriguez eta Maider Undarekin izango dira.

'BAT to London 2012', Maider Unda. EITB

Londreseko Joko Olinpikoak hasteko bost aste falta direnean, 'BAT to London 2012' saioak bere azkenaurreko atala eskainiko du lau euskal kirolari olinpiko porotagonistatzat hartuz: Julen Aginagalde (eskubaloia), Victor Hugo Garrido (txirrindularitza egokitua), Zuriñe Rodriguez (triatloia) eta Maider Unda (borroka librea). Azken urtean Londreseko Joko Olinpikoetan parte hartzeko lehian izan diren euskal kirolariei jarraipena egin die 'BAT to London 2012' saioak eta uztailaren 25ean izango du amaiera, Ingalaterrako hiriburuan su olinpikoa pizteko bi egun faltako direnean.

Londresen egongo diren lau ordezkari euskaldunez gain, aurtengo Jokoetako izar handietako bat izan litekeenarekin egongo da 'Bat to London 2012', Usain Bolt atleta jamaikarra. Iñigo Asensio kazetariak gidatuta, aipatutako kirolarien ibilbidea eta Londreserako dituzten itxaropenak jorratuko ditu saioak urteko kirol hitzordurik garrrantzitsuenaren atarian.

Euskal kirolariak

Hasteko, Julen Aginagalde, Espainiako eskubaloi selekzioko jokalari irundarrarekin izango dira. Beijing 2008ko aurre selekzioan egon zen baina azkenean Jon Belaustegi eta Iker Romero euskaldunak baino ez ziren sartu azken zerrendan. Heldutasun puntu bikainarekin egingo die aurre bere lehendabiziko jokoei.

Víctor Hugo Garrido, herritartasun bikoitza duen arren, espainiarra eta venezuelarra, aspaldi bizi da Euskadin. Atenas 2004an brontzea eskuratu zuen txirrindularitza egokituan eta Beijing 2008an ere hartu zuen parte. Helburu bezala iraileko Joko Paralinpikoak ditu begi artean eta batez ere domina bat lortzea bere kirol-ibilbidea borobiltzeko.

Bestalde, Zuriñe Rodríguez triatleta bizkaitarra, euskal kirolarien artean, azkenetarikoa izan da Londreserako sailkapena lortzen. 2011 eta 2012an burututako ibilbide bikain bati esker barakaldokoak urtetan amestu duena lortu du. Ainhoa Muruarekin batera australiarrak eta zeelanda berritarrak gailentzea izango dute helburu.

Amaitzeko, Maider Undarekin izango da saioa. Joko Olinpikoen aurreko txapelketa neketsua izan du Maiderrek azken hilabeteetan, Bulgarian, Txinan eta Finlandian lehiatu behar izan du bi astetan. Dena dela, azkenean lortu du Beijing 2008an bostgarren postua eskuratu eta gero bere buruari jarri zioin erronka, berriz ere Joko Olinpikoetan parte hartzea.

Usain Bolt, munduko kirolaririk azkarrena

Munduko kirolaririk azkarrenak, Usain Boltek, bere tarte zabala ere izango du “BAT to London” saioan. Jamaikarrak Londreseko hitzorduaren aurrean bere burua “Jokoen historian mito bezala sartzeko aukera” ikusten du, saioari bildutako adierazpenetan. Bere azken saioetan, urteko markarik onena ezarri beri du Erroman (9,76koa 100 metroetan) eta argi erakutsi du prest dagoela Londreseko estadio olinpikoan hegan egiteko. Begi guztiak egongo dira Bolten gainean 2008ko abuztuaren 16an Beijingen ezarritako marka bikaina ikusita, 9,69koa. Bere abuztuko erronka urrea lau diziplinatan lortzea izango da, 100 eta 200 metroetan eta 4x100 eta 4x400 erreleboetan.

'BAT to London 2012' asteazken honetan emitituko da 22:30etik aurerra ETBK Sat katean eta igandean, 09:15ean, ETB-2n.