Itxi

Igandean ETB-1 eta ETB-2n

Energia superkondentsadoreak hizpide, 'Teknopolis' saioan

A.H.

EITB

Bestalde, medikuntzaren alorrean murgilduko dira, kontrasteak egiteko erradiofarmakoak zer diren aztertuz eta Parkisonaren gaineko azkeneko ikerketak ezagutuz.

'Teknopolis', Oihana Jauregi. EITB

Aste honetako 'Teknopolis' saioa energiaren etorkizunera begira jarriko da eta horren inguruko ikerketak aztertuko ditu. Horien artean, CIC EnergiGUNE ikerketa-zentroan energi metatzeko moduen bila egiten ari diren ikerketetan murgilduko da saioa, hau da, behar denerako gordetzeko sistemak garatzeko ikerketetan. Baterietan egin diren aurrerapenei buruzko kontuak ezagunak dira, baina gutxitan aipatzen da ezer superkondentsadoreen inguruan. Haiek ere energia gordetzeko balio dute eta oso musu ezberdinetan aplikatu daitezke, adibidez, superkondentsadoreek bultzatutako tranbiak.

Bestalde, Mari Cruz Rodríguez-Oroz zientzialaria ezagutuko du 'Teknopolis'ek gertutik. Iruñekoa da aste honetako zientzialari protagonista, eta neurologoa da. Parkinsonaren ikerketari eskaini dio bere ibilbide profesionala: ikerketari eta tratamendu berriak abian jartzeari. Urteak eman ditu Nafarroako CIMA ikerketa-zentroan lanean, eta egun Ikerbasqueko ikerlari gisa ari da Biodonostian.

Eta medikuntzaren alorretik urrundu gabe, hainbat gaixotasunen diagnosia egiteko erabiltzen diren kontrasteak aztertuko ditu saioak. Kontrasteak erradiofarmakoak erabiliz egiten diren substantzia batzuk dira, eta edanda edo zainetatik barrena aplikatzen dira. Erradiofarmako horiek gorputzean desegiten diren bitartean, erradioaktibitatea igortzen dute denbora mugatu batez, eta, horri esker, medikuek irudi bidezko diagnosia egin dezakete.

CIC BiomaGUNEk eta Molypharma enpresa farmazeutikoak laborategiak partekatzen dituzte Donostiako Parke Teknologikoan duten egoitzan. Han, irudi bidezko diagnostiko medikoa egiteko farmakoak garatzeaz gainera, ikertzaileek esperimentaziora bideratutako erradiotrazatzaileekin egiten dute lan.

'Teknopolis' igande honetan emitituko da 11:55ean ETB-2n eta 15:00etan ETB-1en.