Itxi

Audientziak

Gabon Zahar eta Urte Berriko saio bereziek harrera bikaina izan dute ETBn

EITB

Gasteiztik egindako kanpaien emanaldiak % 15,5eko audientzia zatia eta 344.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du. Halaber, jende andana batu zen Gasteizko Plaza Berrira EITBrekin urtea agurtu eta berriari ongi-etorria zuzenean ematera

Kaixo 2023

ETBk Urte Zaharretarako eta Urte Berrirako prestatutako emanaldi berezi eta saioek ikus-entzuleen babes zabala izan dute. Hasteko, Gasteiz Gabon Zaharreko kanpaien hiriburu bihurtzearen ahaleginean, ETBk bertako Plaza Berritik egin zuen zuzeneko emanaldia, eta, orotara, ETB1ek eta ETB2k % 15,5eko audientzia zatia eta 344.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu zuten. Halaber, jende andana batu zen Gasteizko Plaza Berrira EITBrekin urtea agurtu eta ongi-etorria zuzenean ematera. Aurrera begira ere hori izango da EITBren asmoa, Gasteiztik urtea agurtzea.

Orobat, ETB1eko eta ETB2ko saio bereziek ere emaitza oso onak eskuratu zituzten. ETB2n, nabarmenak dira "Ene!flix" umore saioak izandako audientzia: % 18,3ko audientzia-zatia eta bere ordutegian lider. Berebat, kanpaien ondoren ikusgai izan zen "Fair Saturday. Ura bere bidean" ikuskizunak % 9,4ko audientzia-zatia eskuratu zuen.

ETB1en, berriz, "Piztu Telebista"k % 4,0ko audientzia izan zuen, eta euskaldunen artean % 10,3. "Biba 2023!" ikuskizunak % 4,0ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 9,3ko kuota eskuratu zituen kanpaien emanaldiaren aurretik. Ondoren ikusgai izan zen saioaren bigarren zatiak % 5,1,eko audientzia eta euskaldunen arteko % 10,6ko kuota lortu zituen.

Bestalde, Lehendakariaren Urte Zaharreko mezua ikus-entzuleen % 1,8k ikusi zuen ETB1en eta % 15,9k ETB2n.

Horrez gain, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadik Amerikan barrena egin duten bidaia biltzen duen "Herri Txiki, Amerika Handi" saioak bikain urratu zuen bere bidea urteko lehen egunean: % 5,5eko kuota eskuratu zuen eta euskaldunen artean liderra izan zen % 14,4ko audientzia-zatiarekin.

Azkenik, ETB2n, Puñales por la espalda filma eskaini zuen "La Noche de..." aurkezpen saioa audientzia buru izan zen % 12,1eko audientziarekin.