Itxi

Igandetik aurrera

Herri txikien bizimodua erakutsiko du Urko Aristik 'Bizirik'en

A.E.

EITB

Elantxobe eta Arano bisitatuko ditu estreinaldiko saioan.

Urko Aristi. EITB

Datorren igandean 'Bizirik' saioa estreinatuko da ETB-1en. Urko Aristik aurkeztuta, Euskal Herriko herri txikietako bizimodua erakutsiko du.

Urko Aristi aurkezlea 1.000 biztanletik beherako herrietara joango da eta bertako herritarrekin hitz egingo du. Herri txikietako egunerokotasuna, jarduerak, ohiturak, gastronomia... ezagutaraztea da 'Bizirik' saioaren helburua. Hori guztia, herritarrek beraiek kontatuta.

Lehenengo saioan, Elantxobe eta Arano bisitatuko ditu 'Bizirik'ek. Hortik aurrera, Lapuebla de Labarca eta Ziortza-Bolibar; Bastida (Nafarroa Beherea) eta Alkiza; eta Bidegoian eta Etxalar herrietara joango dira, besteak beste.

Esan bezala, hasteko Elantxobe eta Arano herrietara joango da Urko Aristi aurkezlea. Biak ala biak herri txikiak diren arren elkarren antzarik ez dute. Elantxobe Bizkaiko kostaldeko herri politenetako bat da eta bere maldengatik da ezaguna. 150 metroko altueratik itsas mailarainoko jauzia du. Berezitasun horrek elantxobetarren bizimodua baldintzatzen du eta horri buruzko herritarren iritzia jasoko du Urko Aristik. Elantxobeko autobus plataforma berezia ere ezagutuko dugu, Euskal Herrian bakarra.

Baina herriaren egituraz gain, Elantxoben beste hainbat pertsonaia interesgarri bizi dira eta haiekin hitz egingo du Urko Aristik, besteak beste, Koldo Olagibel alkatea, Miren Kortazar Itsas Etxea jatetxeko sukaldaria, Patxi Egurrola arraun elkarteko arduraduna eta Jon Zameza The Uski's musika taldeko kidea. Juan Francisco Egurrola arrantzalearekin, berriz, itsasora aterako da Urko Aristi.

Aranon ez dago itsasorik, baina horrek ez du esan nahi itsasoa ikusten ez dutenik. Arano da herri kaskotik itsasoa ikusten den Nafarroako herri bakarra. Itsasoa bakarrik ez, Bermeoko La Gaviota plataforma ere ikus daiteke, eta horixe erakutsiko digu Joxean Ruiz aranoarrak. Aranoko medikuaren eta aguazilaren lana ere ezagutuko dugu eta Xabier Legarreta bertsolariak bere herriko bizimoduaren berri emango digu. Halaber, 'Bizirik' saiorako esklusiban, Aranoko elizako kanpaiak nola jotzen diren erakutsiko digu Antonio Ezeiza herritarrak.

3Komak eta ETBK ekoitzitako 'Bizirik' saioa 22:15ean izango da ikusgai ETB-1en igande honetan.