Itxi

Estreinaldia

Eider Hurtadok aurkeztutako "El Cambio" saioaren bigarren denboraldiaren estreinaldia, gaur gauean

Denboraldi berriko lehen kapituluak uraren arazoa landuko du, 'Entre diluvios y sequías' izenburupean. 22:30ean izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.

Eider Hurtado "El Cambio" saioan.

Gaur, urtarrilak 13, "El Cambio" saioaren bigarren denboraldia estreinatuko da, Eider Hurtadok aurkeztuta. ETB2ko dokumental sortak larrialdi klimatikoak dakartzan arazoak eta horiek gure etorkizunean izan ditzaketen ondorioak lantzen ditu.

Sei kapitulu berri eskainiko dira, galdera nagusi bat ardatz hartuta: Nolakoa izango da Euskadiren etorkizuna larrialdi klimatikoaren aurrean? Atal bakoitzean gai bat hartuko dute hizpide, eta alor horretako jarduera eta ikerketen inguruko datuak bilduko dituzte. Hala, aditu eta espezialistek baliabideak emango dituzte klima aldaketaren aurrean sortzen zaizkigun ziurgabetasunei aurre egiteko.

"El Cambio" Grupo Proyección eta Secuoya Studiosek EITB Mediarentzat egindako ekoizpena da.

 

Ur eskasiaz, lehen saioan

 

Entre diluvios y sequías izango da lehen atalaren izenburua. Bertan, uraren arazoa aztertuko dute; egungo egoeraz eta etorkizunaz mintzatuko dira.

Planetan ura edaten duten 7.500 milioi pertsona baino gehiago daude gaur egun, eta 2050ean 10.000 milioietara iritsiko da, Population Reference Bureau erakundearen arabera. Batzuk asko edaten duten bitartean, beste batzuk apenas dute edateko ezer. Hala ere, duela milioika urte bezainbeste ur daukagu eskuragarri: 1300 kilometro kubiko, eta horietatik % 0,5 bakarrik da edangarria. Horrela jarraituz gero, 2050. urtean biztanleriaren hiru laurden lehorteak jota geldituko da. Arazoa larria da eta Euskadi ez da hortik at gelditzen.

"El Cambio" saioa ostiraletan izango dugu ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

 

 

 

 

 

 

Informazio gehiago (1)