ETB-1en, 21:00etan
'Manuel Lasarte: Hitzaren errementaria' ikuskizuna, larunbatean
A.A.
EITB
Aia, Leitza eta Orio herriek bertsolari handiaren omenez antolatutako ekitaldiak bertsoa, hitza, musika eta dantza uztartuko ditu.
Ostiral gauez Orioko Karela kiroldegian Manuel Lasarteren omenez egingo den ekitaldia ETB-1en izango da ikusgai larunbatean, gaueko bederatzietatik aurrera. Aia, Leitza eta Oriok bat egin dute bertsolari eta idazle zenaren aldeko ekitaldiaren antolakuntzan, lotura estua izan baitzuen Lasartek hiru herriekin.
Manuel Lasarte: Hitzaren errementaria ikuskizunean bertsoak, hitzak, musikak eta dantzak bat egingo dute. Hogeita hamarren bat lagun igoko dira eszenatokira: kantariak (Orioko Herri Ikastolako Olaxka abesbatza eta Mertxe Oliden), musikariak (Martin Perona, Gari eta Iñaki trikitilariak, Joxerra San Sebastian eta Imanol Urkizu) eta bertsolariak (Miguel Mari Elosegi Luze, Martin Rezabal Olaso, Patxi Etxeberria, Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto eta Andoni Egaña).
Iñaki Perurena harrijasotzaileak eta Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak Manuel Lasartek idatzitako testuen irakurraldiak egingo dituzte. Dantzan, berriz, Maitane Mujika eta Ander Errasti jardungo dira.
Antxon Mendizabal eskultoreak Manuelen bustoa erakutsiko du eta Eusebio Lasarte Manuel zenaren semeak bertsoz agurtuko du aita ekitaldiaren amaieran.