Itxi

Zinea ETBn

'Arriya'ren estreinaldia, astelehenean, ETB-1en

A.H.

EITB

Bestalde, Blade Runner zientzia fikziozko klasikoak 30 urte beteko ditu astelehenean eta ETB-2k filma eskainiko du.

'Arriya'. Argazkia: Alokatu

Astelehenean, Euskal Telebistak Arriya filma estreinatuko du telebistan; tradizioak, amodioak eta familien arteko borrokek harrapatuta bizi diren hiru gazte maiteminduren istorioa. Alberto J. Gorritibereak zuzendutako sentimenduzko filme honek ukitu fantastikoak dituen alegia eder baten itxura hartzen du, eta hiru aktore gazte ditu protagonista: Iban Garate, Begoña Maestre eta Sara Casanovas.

Arriyak Euskal Herriko mugako herri batera eramango gaitu. Bertan, bi familia apustu batean murgilduta bizi dira, eta erronka horrek bultzaturik, hiru gazte maiteminduren bizitzek topo egingo dute. Beren inguruaren inertziaren kontra borroka egin ezinik, beren bizitzan denbora joaten uzten ari dira. Peru eta Mariaren familiek egingo dute apustua eta norgehiagoka horren ardatza harria izango da. Herriaren zein bertako biztanleen etorkizunaren jabe bihurtuko da apustu hori.

Filmak gure herria begiratzeko ikuspegi berezia eskainiko du: iraganera loturik etorkizunera begira dagoen herri baten irudia. Gizabanakoa eta tradizioaren arteko borroka oinarritzat hartuko du istorioak, ihesbiderik eta amaierarik gabeko borroka, non erabakirik hartzen ez bada, tradizioak berak eramaten zaituen.

Hiru hizkuntzatan eginda (euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez), film berezi honek Txekiar Errepublikako Karlovy Varyko (lehiaketa kanpoko Sekzio Ofizialean) eta Malagako zinemaldietan hartu du parte. Azken honetan bost sari eskuratu zituen: emakumezko aktorerik onena (Begoña Maestre), argazkirik onena (Gaizka Bourgeaud), jantziteriarik onena (Saioa Lara), musikarik hoberena (Bingen Mendizabal) eta film onenaren Asecán-Opera Prima saria.

Blade Runner, ETB-2n

Astelehenean 30 urte beteko dira Blade Runner filma estreinatu zenetik, eta, horregatik, ETB-2k zientzia fikziozko filme klasiko hau eskainiko du, astelehenean bertan, 23:55etik aurrera. Ridley Scott zinegileak zuzenduta eta Philip K. Dick idazlearen ¿Sueñan los androidws con ovejas eléctricas? eleberrian oinarritutako istorio honek 2019ko Los Angeles hirira eramango gaitu eta Rick Deckard (Harrison Ford) detektibe edo Blade Runnera hartuko du protagonista. Giza itxura duten erreplikante robot iheslariak harrapatzea da Blade Runner baten helburua. Erreplikanteak beren existentziaren jabe egin zirenean errebelatu eta ihes egin zuten, eta, nahiz eta gaizkile arriskutsutzat hartzen dituzten, gizakiek baino erruki gehiago erakutsiko dute.