22:15ean
Bastida eta Alkiza herriak ezagutuko ditu 'Bizirik' saioak igandean
A.H.
EITB
Urko Aristik Nafarroa Beherako eta Gipuzkoako herriak gertutik ezagutuko ditu.
Aste honetako 'Bizirik' saioan Bastida eta Alkiza herrietara joango da Urko Aristi aurkezlea. Nafarroa Behereako Bastidak ezin hobeto mantentzen ditu Erdi Aroko arkitektura eta itxura. 'Les plus beaux villages de France' edo 'Frantziako herri politenen' zerrendan onartua izan da, baina Bastida ez da herri polita bakarrik. Urko Aristik Bastidako herritarrekin hitz egingo du eta herrian mugimendu handia dagoela ikusiko du.
Hubert Candelek Bastidarra jogurtak nola egiten diren erakutsiko du; Xabina Larralderen tailerrean musika tresnak nola konpontzen diren ikasiko dute; Jean Yves Behoteguirekin zuhaitz gainean egindako etxoletara joango dira; eta Bastidan bertan egindako perfumea ere probatuko dute. Halaber, Bastidako judutarren hilerria eta Ramuntxo trinketea ere ezagutuko dute. Ramuntxo trinketea munduko trinketerik zaharrena da.
Gipuzkoako Alkiza herrian ere batetik bestera ibiliko da Urko Aristi. Pello Aranburuk herriko txoko interesgarrienak azalduko dizkio eta Koldobika Jauregi artista ezagunak Ur Mara museo esperimentala. Herriko gazte koadrilarekin gurpil lasterketa batera joango da eta Alkizatik joan aurretik Eusko Jaurlaritzak ondare historiko izendatu duen Lete baserria bisitatuko du.
'Bizirik' saioak Euskal Herriko herri txikietako bizimodua erakustea du helburu. Urko Aristi aurkezlea 1.000 biztanletik beherako herrietara joaten da eta bertako herritarrekin hitz egiten du. Herri txikietako egunerokotasuna, jarduerak, ohiturak, gastronomia... ezagutaraztea da 'Bizirik' saioaren helburua. Hori guztia, herritarrek beraiek kontatuta.
'Bizirik' igande honetan emitituko da 22:15etik aurrera ETB-1en.