Itxi

Eduki nabarmenak

Erriberrira egingo du bisita gaur gaueko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Leer en Castellano

ETB2ko "Vascos por el Mundo" programa, berriz, Tokion izango da aste honetan. Horrez gain, "Teknopolis" izango dugu ETB2n, eta hainbat kirol emanaldi ETB1en eta eitb.eus-en.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Teknopolis" – 11:50ean ETB2en eta eitb.eus-en

Aste honetako saioan glaziarren azken egunak izango dituzte aztergai. Aralarrera joango dira, duela 40.000 urte izan zen glaziar baten arrastoak bilatzera. Glaziar hura desagertu zen, eta Pirinioetakoak ere bide berari jarraituko diote, itxura guztien arabera. Ibai Rico eta Eñaut Izagirre UPV/EHUko geografo eta glaziologoekin Aralarren hasi eta Patagoniaraino joango gara glaziarren egoeraren berri jakiteko.

"Kirolak" – 12:00etan, 16:00etan eta 17:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en

12:00etatik hasita, Emakumezkoen Futbol Ligako partida eskainiko da, zuzenean, Lasarte-Oriatik: Reala vs Alaves. Naxari Altunak egingo du kontakizuna, Larraitz Lucasekin batera.

16:00etan, berriz, Herri Kirolekin izango da hitzordua, Munduko Sokatira Txapelketaren laburpena eskainiko baita, Iñigo Lasaren eskutik.

17:00etatik aurrera, "ETB Kantxa" saioa eskainiko da, zuzenean, Eibarko Astelena pilotalekutik. Atariko norgehiagokan P. Etxeberria - Eskuza / Exposito - Rezusta izango dira aurrez aurre. Ondoren, Binakako Txapelketa finalerdien partida jokatuko da: Altuna III – Tolosa / Peña II -Mariezkurrena. Xabier Euzkitzek egingo du kontakizuna, Mikel Idoaterekin batera, eta Elena Azpeitia, berriz, elkarrizketekin. 

"Herri Txiki, Infernu Handi" – 22:00etan ETB1en eta eitb.eus-en

Mikel Pagadik eta Miren Nogalesek Nafarroa aldera joko dute igande honetan, Erriberri bisitatzeko. Bertan Lourdes, Unai, Irene, Yolanda, Nagore, Simone eta Eneko udalerriko bizilagunak ezagutuko dituzte. Pagadik, besteak beste, Karlos III.a Nafarroako erregez mozorrotuko da, "artzain-apurrak" jango ditu eta Olite Basket Klubeko talde osoarekin batera entrenatuko du. Miren, berriz, behi Jacintaren gainean ibiliko da, zezen-plaza zein entzierroetako zezenei jaten ematera animatuko dute (emango al die?) eta Urtezahar gaueko Siziliako tradizio gozagarriena probatzeaz gain, rokodromo berezi batean eskalatuko du.

 "Vascos por el Mundo" – 22:20ean ETB2n eta eitb.eus-en

Gaur gauean Tokio bisitatuko du "Vascos por el Mundo" saioak, bertan bizi diren Argiñe Errazti, Oskar Diaz, Alex Larrea eta Javier Luna euskaldunen eskutik. Joana Etxabe erreportaria eta Iñaki Esteban kameraria Japoniar hiriburuan izango dira, munduko hiri zirraragarri eta desberdinenetako batean. Metropoli handi honetan Shibuya-ko bidegurutze famatua, elektronikaren eta animearen epizentroa, hiriko etxe orratz garaienak eta mundu osoko geltokirik jendetsuena bisitatuko dituzte; baina, Garai kidetasunaz gain, saioak hiriburuaren alderik tradizionalena ere erakutsiko digu, bertako tenplu budista eta erritual ikusgarriekin.

 

Bideoak (1)