Itxi

Programa berria

'Tu Plato Favorito' saioa gaur estreinatuko da ETB-2n

A.H.

EITB

Africa Baetaren begiradapean, Iñaki Perurenak, Virginia Berasategik eta Ismael Urzaizek beren platerik gogokoenak aurkeztuko dituzte aste honetan.

Africa Baeta. EITB

ETB-2k 'Tu Plato Favorito' saio berria estreinatuko du gaur, uztailak 5. Hogeita bat pertsona ezagunek parte hartuko dute Africa Baetak aurkeztuko duen tarte berri honetan, eta bakoitzak bere euskal gastronomiaren platerik gogokoena aurkeztuko du. Saio bakoitzak hiru parte hartzaile izango ditu eta plater bana aurkeztu eta defendatuko dute. Iñaki Perurena, Virginia Berasategi eta Ismael Urzaiz izango dira lehenengo saioaren partaideak eta bere platerik gogokoenak nola prestatu erakutsiko dute. Hurrenez hurren, Txuleta plantxan, Hegaluze mendrezka eta Barazki menestra prestatuko dituzte.

Horrela, saio bakoitzean hiru plater ezberdin proposatuko dira, baina bakar batek irabaziko du; ikusleen platerik gogokoenak. Ikusleek SMS bidez edota eitb.com-eko webgunearen bitartez hautatu beharko dute gehien gustatu zaien platera. Atal bakoitzeko irabazleak zuzenean egingo den final handian egongo dira lehian, eta ikusleek erabaki beharko dute zein den guztien artean onena, Euskal Telebistako ikusleen platerik gustukoena, alegia.

Pertsonaia bakoitzak platera prestatzeko leku berezi bat aukeratuko du. Izan ere, tokiak eta jakiak harreman estua izango dute euren artean. Partaide bakoitzak plateraren inguruko hainbat bitxikeria eta horren gustukoa izateko dituen arrazoiak azalduko ditu. Ondoren, jatetxe batera joango dira eta sukaldariak nola prestatu behar den azalduko du.

Ostegun honetan, Iñaki Perurenak Txuleta plantxan, bere platerik gustokoena, prestatuko du Leitzako Orain txokoan; Virginia Berasategi triatletak, bere aldetik, Bakioko Eneperi jatetxea aukeratuko du Hegaluze mendrezka prestatzeko eta Antonio Ibarguengoitia sukaldariaren laguntza izango du horretarako; eta amaitzeko, Ismael Urzaizek, zainzuriz, alkatxofaz, ilarrez eta babaz eginiko plater nafar tipikoa prestatuko du Tuterako Remigio jatetxeko Luis Salcedo sukaldariarekin batera.

Pertsonaia ezagunak eta jakirik gogokoenak

Zazpi programa eta finala izango dira ikusgai; 21 pertsona eta plater, guztira. Horien artean, Juan Bas idazleak Barraskiloak proposatuko ditu, Bizkaiko erara prestatuta; Jose Luis Kortak Parrillan eginiko bisiguaren alde egingo du; Edurne Pasabanek, Tolosako indabak; Felix Linaresek, Bakailaoa pil-pil erara, eta Estibaliz Ruiz de Azuak Patata tortilla.

'Tu Plato Favorito' saioan agertuko dira baita ere Barbara Goenaga, Maribel Salas eta Nerea Garmendia aktoreak, Patricia Gaztañaga eta Antton Urrosolo aurkezleak, Sebastien Gonzalez pilotaria, Mikel Urdangarin abeslaria, Kirmen Uribe idazlea, Martin Fiz atleta, Mikel Goñi pilotari ohia, Eunate Agirre Munduko bodyboard txapelduna eta David Seco 'El Conquisatdor del Fin del Mundo' saioaren azkeneko garailea.